Ondarea

Arkitektura

Etxalarko etxeak

Etxalar bisitatzeak, bere histori barnean sartzea suposatzen du, herrian zehar banaturik dauden etxe, monumentu eta bertzelako ondarea ikusiz. Etxalarko etxeak, tradizioaren adibide argiak dira, mendeetan zehar mantendu direnak esfortzu eta maitasun handiz. Zaharrenak XV eta XVII. mendeen tartean eraikiak izan ziren eta hauek elizaren bueltan kokatuak daude, nagusiki Iñarreta, Jauregieta eta Anduetzeta, eta bakar bat ere Antsolokueta auzoan.  Etxe hauetako  aunitzek sarrerako ate gaineko harrian, etxearen izena, noiz eraiki edo noiz berreraikiak izan ziren agertzen da, baita batzuetan nork egin zuen.

Etxe gehientsuak dimentsio handiak dituzte, silarrian eraikiak dira eta batzuetan fatxadan duten egurrezko armazoia ikusi daiteke (Horien adibide dira Iñarrea eta Mokorrea etxeak ). Balkoiak ere egurrezkoak dira etxe aunitzetan. Badira baita ere, baina askoz gutxiago, estruktura kubikoa duten etxeak. Hauen balkoiak mentsulengatik eusten dira. Arkitektura mota hau, XIX. mendekoa da. Etxe zahar hautez aparte, badira herrian eraikitze berriko etxeak. Hauek, antzinako etxeen itxura dute, herriko arkitekturaren harmonia mantenduz. Gehienek ere atarian euren izenak jarriak dituzte.

Herriko etxe nabarmen batzuk

Gaztelua jauregia

Gaztelua jauregia, Tximista erreka gainean kokatua,  erdi aroan eraiki zen eta gero XVIII. mendean, berregin zen. Hasieran neurri txikiagoak zituen, kanpoko itxura dorre baten antzekoa zuen eta babes gune bezala erabiltzen zen.  Garai batean Nafarroako erreinuko arma lekua izan zen ere. Jauregia berregin ondotik, eraikinaren neurriak oso handiak geratu ziren. Azken urte hauten, itxura moldatze handia jaso dute  jauregiaren inguruak, oso polita geldituz. Honen jabetze Gaztelua familiarena da eta erabilera pribatua dauka.

Udaletxea zaharra (Kultur Etxea)

Etxe handi hau, 1685. urtean eraikia, udaletxea izan zen XIX. mende arte, honen ondotik herriko kuartela bihurtu zuten. Eskola ere izan zen ere 80ko hamarkada bukaeran. Gaur egun berriz herriko kultur Etxea da eta bertatik zerbitzu desberdinak eskaintzen dira. Sarrerako atarian alde batetik harrizko arku bat du eta bertzetik harrizko bi pilare (1685. urteko inskripzioarekin),  arkupe eder bat osatuz. Bere fatxadan agerian gelditzen da egurrezko armazoia. Bere arkupearen bazterrean garai batean abereentzako erabiltzen zen baskula bat dago. Garaia haietan, 2001ko birmoldatzea egin zen arte,  abereak uzteko itxitura bat zegoen.

Eskola zaharrak

1887. urtean Leandro Armaza filantropoak Etxalarko herriari oparituko eraikina da. Eraikuntzaren lur eremua Aldalurreko Bernardo Sanzberro-ri erosi zitzaion 480pztaren truke. Eraikin berezia da. Sarbide moduan arkuperaino, harrizko eskailerak ditu eta maldatxo bat (Berriki eraikia) . Behian arkupena, eraineran sartzeko bi ate daude alde bakoitzean. Bertan herriko hainbat generazio ikasi dute bere garaian eskola publikoa izan baitzen. Gaur egun eraikina, herriko elkarte desberdinak euren aktibitateak garatzeko erabiltzen da eta baita ere erakusketak eta bozketen antzeko ekitaldietarako.

Udaletxea

Etxe honek historia handia dauka. Mitxelarrenea izenekoa, udalak Katalani Maritxalar-reri erosi zion 1737. urtean, 837 duketza eta 5 errealen truke. 1828. urtean etxe hau bota eta berregin egin zen. Berregitearen aurrekontua 15.498 errealena izan zen. Eraikina lau uretako bloke handi batean geratu zen eta sarreran arkupe batekin. Beheko solairuan herriko alondegia zegoen  lehen solairuan taberna eta bigarrenean berriz udala. 1887. urtean udaletxe zaharrean zegoen armarria, Mitxelarrenera ekartzeko akordiora ailegatu zen. Eraikinari eginiko azkeneko itxura aldaketa nagusia 1956. urtean egin zitzaion balkoi berria jarrita. Honen aurrekontua 11801pztakoa izan zen.

Etxe honek sute bat ere jasan zuen. Honen ondorioz paper asko nahasturik gelditu ziren leihotik bota baitziren ez erretzeko. Garai batean ere etxe honetako ganbaran herriko kartzela zegoen Denbora batez ere soldaduentzako kuartela bezala prestatu zen, baita irakasleak ostatu hartzeko eta eskola bezala haurrentzat. Gaur egun eraikin honetan herriko udala (1828tik) Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen eta Zaborren mankomunitateak daude, baita ere udalak alokatzen duen Herriko Ostatua.  

Andra Mari eliza

Etxalarko eliza herriaren erdi-erdian kokaturik dago eta bi erreka arteko andre maria eliza izan zen bere deitura hasiera batean.

Latindar gurutze bat deskribatzen duen harrizko erakin honek, batasun estrukturala mantentzea lortu du bere histori mugituan zehar. Eliza, nabe handi bat da, zabala, garbia, argia, dorre lauki eta handirekin, eta puntu erdiko leihatilekin alboetan.

Bere inguruan dagoen lorategia ederrean, antzinako arbasoen hilarriak daude jarrita erakusketa moduan.

 

Eraikitze faseak

Lehen fasea: Elizaren sorrera 1200. urte ingurukoa da. Hasiera batean eliza orain ikusi daiteken heren bat zen. Sarrera printzipala eta kontrako aldekoa garai haietakoak dira.

Bigarren fasea: XVII. mende hasieran, elizara biztanleriaren handitzea ikusirik, eliza handitzea erabaki zen. Luzapena, pulpituak dauden lekuraino egin zen. Eraikuntza Berako Miguel de Celaya harginak egin zuen 1625 eta 1635 bitartean, 4000 duketzaren truke.

Hirugarren fasea: Elizaren azken zatia, XVIII. mendearen erdialdean egin zen. Orduan aitzineko zatia, sakristia eta dorrea egin ziren, kanpoko idorpea urte batzuk beranduago (1774) egiteko utziaz.

1600. urteko kalbario erromanikoa

Garai desberdinetako erretaulak.

X. mendekoa bataiatzeko marmolezko pila

XX. mende hasiera jarritako organo ederra

Estelak

Andra Mari elizak dituen bi lorategietan, bata sarrera nagusian eta bertzea atzeko sarreran, Euskal herri mailan dagoen estelen bilduma ederrenetakoa ikusgai dago, ehun ale  inguru. XIX. mende-arte kanposantua elizako sarrera printzipalean kokatuta zegoen eta  estela gehientsuenak kanposantukoak ziren. Hauek, kasualitatez, xx. mende erdialdera egin ziren biltegiko konpontze lanetan agertu ziren. Aurkitutako bertze estelak, herriko kanposantuan jarri ziren.

Estela gehientsuak borobilak dira, eta XVIII eta XIX datak dituzte. Badira bertze batzuk ez dutenak ezer jartzen baina zaharragoak direnak.

Gutxi batzuk ere ikusi daitezke gurutze formarekin. Hilarrietan abizenak eta herriko etxeen izenak irakur daitezke. Garai haietan etxe bakoitzak bere estela propioa zeukan.

Informazioa gehiago: Bi erreka arteko Andre Mari Eliza –  Egilea: Pello Apezetxea

Santa Krutz ermita

Santa Krutz ermita Etxalarren dagoen ermita bakarra da. Hau Urritzokieta auzoan kokatua dago tximista errekaren ondoan.

XVI. mendean eraiki zen, 1500 eta 1550 urteen artean. Eraikina, bi uretakoa da eta ez da neurri handikoa. Teilatuan, kanpaia dauka elizkizunetara deitzeko. Barrendik,  gune nagusia dago, bere koro, eserlekuak eta aldarearekin eta azken honen bazter batean sakristia ttikia bat.

Barruan ere 1600. urteko Jesukristoren irudi bat aurkitu dezakegu. Kanpoko aldean, ermita neurri handiko  gurutzez inguratua dago. Batzuk XVII. mendekoak dira eta beste batzuk berriz XX. mende bukaerakoak.

Santa Krutz egunean, ermitan meza ospatzen da, baita segidako igandean ere.  Egun honekin Urritzokieta auzoko besta ospatzen da. Herriko bestetan azken egunean berriz ermitaren atarian, bestetako, asaua egiten da.

Herriko kanposantua

Herriko kanposantua, XIX. mendearen erdialdean eraiki zen, Gospal etxekoei erositako lurralde batean, eliza aurreko lurretan ez baitzegoen lekurik inor gehiago lurperatzeko.

Behin kanposantua eta bertarainoko bidea egin zirenean, Etxalarko herriak eskaera  bat egin zion orduan Nafarroako gobernadore zenari. Honetan obra guztiaren zorrak bere gain hartzeko eskatzen zion, 12.942 erreal kanposantuagatik eta 3.438 bideagatik, gehi elizarekin zeuzkan zorrak ere, denetara 79.804 erreal. Eskaera aurrera ateratzeko, hiru gerretan Etxalarko herritarren sakrifizioa kontutan hartzea eskatu zion.

Egin zenetik, estruktura aldetik kanposantua ez da ezer aldatu. Aldakuntza aipagarriena garai hauetan jartzen diren marmolezko hilobiak dira. Kanposantu guztia horma batez inguraturik dago. Elizako biltegi konpontzerakoan aurkitu ziren hilarrietako batzuk, bertan jarri ziren ere.

Kanposantuaren arkuzko sarreraren bi aldeetan, garai bateko “Via crucis” gurutzeak daude sartuta. Kanposantura sartu eta berehala,  bi gela daude eskuinaldean.  Hauetako bat garai batean, autopsiak egiteko erabiltzen zen, bertzea berriz lehen eta gaur egun biltegi gisa erabiltzen da.

Errotak

Etxalarren urarekin erlazionatutako ondare arkitektoniko aunitz dago. Nabarmenetakoak, herriko lurraldean sakabanatuak dauden ur errotak dira eta denetara sei dira gaur egun. Errotak garai desberdinetakoak dira, zaharrenak XVIII. mendekokoak dira eta berrienak XX. mende erdialdekoak.

Hauen garrantzia Etxalarko herriaren historian zehar oso desberdina izan da. Zaharrenak, urteetan zehar, herriko bizitzaren zati garrantzitsu bat izan dira, herriko jendea baitzen hauen onuradun garrantzitsuena. Baziren bertze batzuk ere  garrantzitsuak zirenak, baina neurri apalago batean. Hauek jende kopurua txikiagori ematen zioten zerbitzua bai partikularra zirelako edo honen kokapena bereziarengatik.

Erroten inguruko historia

Dekretuaren abolizioa

Inteligentzi txarrez eta gutxi batzuen hobe beharrez ezarritako 1730ko dekretu hau ezeztatu zutenean, herriko jendeak askatasun osoa eduki zuen labe, ola edo bertzelako eraikinak egiteko, inongo baimenik eskatu gabe baina inori traba egin edo molestatu gabe. Kendutako dekretu honek, eskubide esklusiboak eta debekatzaileak ematen zizkion partzuergoko jendeari, eraikinak eta bertzelakoak egiterakoan. Dekretu hau bertze leku askotan ezeztatzea lortu zuten, Valentzian Granadan… Egun honetatik aitzinera, 1894ko azaroak 22, jendeak edozein errotara jo zezakeen bere aleak irintzera.

Erroten enkantea

Udaletxeak zituen bi erroten erdikak (Erdiko errota eta Goiko errota), enkantean jartzen ziren urtero. Enkantean jartzen zena, errotak gari aletan eta artotan ematen zuen urte bateko uzta zen. Enkantea urtero egiten baldin bazen ere, urte batzuetan norbaitek errota hartzea asko kostatzen zen. Kasu batzuetan errotaren errenta jaitsi behar izan zuten norbaitek errota hartzeko. Errotak, enkantean jartzeko, bere baldintzak zituen. Hauek, urtetik urteroko bizitzaren eboluzioarekin batera, aldatuz joan ziren.

Jarraian 1855. urteko errotak errenta hartzeko kondizioak:

  • Urte bateko errenta 510 pesokoa. Ubideen garbiketa eta zainketa gastuak udalaren kargu.
  • Errotaren ematea inbentariopean eta honen itzulera urtea betetzerakoan.
  • Udaletxeak ordaintzen du errota harrien eraketa eta konponketa, kateak, aldabetako barrak eta errotako bertzelako materiala.
  • Errentatzailearen kargu harpikoak zorroztea, bi errotetan ubideen sarrera garbia egotea eta udalari ordaindu eta honek errotariari hauen soldaten erdia. (Errentatzaileak ezin zuten errotaria bidali bertze bat hartu gabe.)
  • Errentatzaileak almute bateko tasa kobratuko dute irintze saio bakoitzagatik.
  • Errentatzaileak bi errotak ongi mantentzearen bete beharra du, bertako eta inguruko gauzekin batera; presa, ubidea, tresnak, eta abar. (Zerbait hondatuko balitz peritu bateri deitu beharko zuten tasazioa egiteko).
  • Udalak bi errotetan inspekzioak noiz nahi egiteko aukera du.
  • Errotara joaten den jendeak, garia garbia eta ongi zatitutakoa eraman behar du ogi zuria egin ahal izateko. Garia zikina etorriko balitz harrien garbiketa errotariak egingo luketen baina ordainketa herritarraren kargu izanen da. Hau ez balitz nahikoa ogi zuria lortzeko, eta harrien akatsa balitz, udaletxeak eta Gaztelu artean harri berriak jarriko zituzketen.
  • Errota ematerakoan, 12 pesoen, seitik bat onartuko dira, eta honen gain egingo da enkante berria (sexta emateko aukera).
  • Errentatzaileari exijituko zaio fidatzailea izatea mankomunitateko betebeharrekin.
  • Hobekuntza bakoitzagatik peso bat ulertuko da.

    Erroten salmenta

    1847ko abenduaren 21ean, herriko hogei pertsonatako talde batek, bi errotak (goiko eta behekoa) erosteko eskaera egin zuen. Eskaera honetan 6750 “pesos fuertes” eskaini zituzten. Hamabost egun beranduago, Salamankako dekretu batengatik eta taldekide batzuk atzera egin zutelako, ez ziren erroten bi zatiak erosi. 1857ko azaroaren 1ean, Fdo. Iribarrenek udalaren erroten bi zatiak erosteko eskaera egin zuen. Honetan aipatzen zuen Gazteluren bi erdikak erosi nahi zituela ere. Udaletxeak ezezko erantzuna eman zion bere zatiak saltzeko aferan eta Gazteluko erdikak berriz, beraiekin zuzenean hitz egiteko erran zion. 1866. urtean, udaletxeak erroten bere zatiak saldu egin zituen, goiko errotaren erdika herriko bazkide talde bateri eta erdiko errotarena berriz herriko bertze bazkide talde bateri. Ordutik udaletxeak ez zuen ezer ikustekorik izan erroten aferetan.

    Goiko errota

    Goiko errota Orizki auzoan kokatua dago, Olazarrea baserriaren segidan, Tximista erreka bazterrean. Errota hondamen egoeran dago duela urte nahiko. Bere garaian errota langileak eta errotariak bertan bizi ziren.

    Errota, bertaraino ailegatzen den ubide batetik zihoan urak, jartzen zuen lanean. Ubide honek errota ondoan bere forma mantentzen badu ere (larrez estalita dago hala ere), bertze tramuetan nahiko tapatua dago. Ubide honen erdialdera bi hustubide daude eta abereak pasatu ahal izateko pasabide bat.  Ubide honen hasieran, ura errotarantz bidaltzeko, gaur egun desagertutako harrizko presa handi bat zegoen. Presa hau harri gorriz egina zegoen arroken gainean, eta bere dimentsioak erdiko errotarena baino txikiagoak ziren.

    1. urtean uholdeak izan ziren eta tximistako urek presa suntsitu zuten.

     

    Historia

    Irin errota hau Gaztelua jauregiko Pedro Jose Gaztelu eta udaletxearen artean egin zuten 1733. urtean. Errota egiteko arrazoiak herriko biztanle kopuruaren igoera eta urtero izaten ziren idorteak izan ziren arrazoi nagusiak.

    Hasiera batean Gaztelua jauregikoak kontra egin zuten, beraiena baitzen herrian zegoen errota bakarra eta gainera orduan zegoen dekretu batek babesten zien. Hala ere azkenean errota egin zen baina Gaztelukoek kondizio batzuk ezarri zituzten; herriko biztanle, bizilagun, burdinolako ofiziala, kanpoko etxeak  eta ingurutako herrikoek, bi errotetara joan beharko zuten beraien aleak irintzeko (Erdiko errotaren erdia Gaztelukoena zen ere).

    Irintzeko saio bakoitzagatik almute bat ale utzi beharko zen ordainketa bezala, gero erroten jabeen artean banatzeko (almute = anega erdia; anega = 55,5 litro).

    Eraikina dagoen lurraldea Olazarrea etxearena zen (ondoko etxea) eta ubidearena berriz Perunea etxekoa. Errota honek hasiera batean bi errota-harri zituen, bat artoa irintzeko eta bertzea gariarentzako. Errotaren eraikuntza bukatu zenean, peritu batzuk ekarri zituzten kanalaren, botatako arbolen eta erabilitako lurralde eremuaren balio kalkulatzeko. Mugarriak ere jarri zituzten kanalaren luzeran, 6 oineko distantziarekin batetik bertzera.

    1. urtean errota honetan, ubidea eta bertzelako konponketa lanak egin zituzten. Errotaren jabeak oraindik Gaztelukoak eta bazkide talde batekoak ziren.

     

    Erdiko errota

    Errota hau Anduetzeta auzoaren bukaeran kokatua dago, tximista erreka bazterrean, goiko errota bezala. Itxura nahiko ona mantentzen du oraindik ere, XX. mende bukaeran martxan baitzegoen eta.

    Errotaren atzeko aldetik, ubide zabal batetik, errotako harriak mugitzen dituen ura dator. Ubide hau zabala eta emaritsua da. Honek bukaeran hustubide bat du noiz behinka ubidea garbitzeko edota ura gainezka datorrenerako, hau irekitzeko. Ura bidaltzen duen presa, 150 metro inguru gorago kokatua dago eta herriko presarik handiena da eta hobekien kontserbatuena.

    Historia

    Errota hau, herrian egin zen lehendabiziko errota da eta XVII mendean eraiki zen. Garai hartan hiru errota harri zituen ehotze lanak egiteko, bi artorako eta bertzea garirako. Hasiera batean jabeak, Gaztelu familiakoak ziren baina gero, errotaren jabetza udalarekin banatu zuen. Aldaketa hau, udalak errota berri bat egin nahi zuenean gertatu zen. Udalako artxiboan agertzen den bezala, Gaztelukoek kontra egin zuten. Honen ondorioz errotaren jabetzaren erdia Udalarena izatera pasa zen. I. mende hasieran, bertatik lortzen zen herrirako argindarra. Aunitzetan, idortea zelako, edota errotaria lanean zegoelako argi indarra aunitz galtzen zen edo gabe gelditu. Argia bakarrik gauez izaten zen. XX. mende bukaeran oraindik errota lanean zegoen eta errotaria bertan bizi zen. Errotaria hil zen arte, bertan abereentzako pentsua saltzen zen.

    Errotariak

    Hasiera batean goiko eta erdiko errotetan errotaria berdina egoten zen lanean, baina gero aldaketa asko eman ziren. Holako aferetan herriko jauntxoek indar asko izaten zuten. Honen adibide 1857ko abuztuaren 6an udaleko sesioan hitz egindakoa. Herritarrek kexu ugariak zituzten erdiko errotako errotari buruz, bere irintzeko eragatik eta irinaren kalitate txarragatik batez ere. Honexegatik Etxalar eta Lesakako erroten artean konparazioa bat egitea erabaki zen. Konparazio honetatik garbi geratu zen Etxalarkoan irintzerakoan irin gutxiago ateratzen zela eta gainera kalitate txarragokoa kantitate berdina irintzeko bi errotetan erabilita. Emaitza hauen ondotik goiko errota eta beheko erroten errotarien trukaketa egin zen.

    Beheko errota

    Beheko errota Urritzokieta auzoan kokatuta dago, ermitako zubi ondoan, tximista erreka bazterrean. Bere neurriak, herriko erroten artean ikusita, itxura eta egoera kaxkarrena baldin badu ere, bere denboran errotarik handiena zen. Eraikin gehientsua erorita dago. Irin errota honetan, bertzetan bezala, bertan bizi zirenak, bertan lan egiten zuten errotari moduan.

    Bertarainoko ubidea oraindik ikusgarri dago, bertara ura bidaltzeko presa berriz ez. Herriko jendearen erranetan, bertako presa, kurba bat marrazten zuen pareta bat omen zen. Gerra garaietan presa zegoen leku horri “zorrien presa” deitzen zioten, bertan soldaduak garbitzen baitziren. Kanalaren erdi aldean abereentzako pasu bat dago.

    Historia

    Errota honi buruzko informazioa zehatzik udaletxeko liburuetan ez da ezer ageri. Herritarrek ere erakin honen inguruan ezer gutxi dakite. Udaleko liburuetan agertzen den gauza bakarra hauxe da; herritarrek ordu arteko erroten irintze saio bakoitzagatik zeukaten prezioa altua ikusirik, beraien kontura errota bat egin nahi zutela adierazten zuten. Errotaren onura guztia beraientzat izanen zen eta baita irintze saioko tasa erdia ere. Honi buruz udalak erran zien, errota egiten bazuten beraien kontura egin beharko zutela udalaren inongo laguntzarik gabe, bestela Gaztelukoen aldetik erreakzioren bat gerta zitekeen eta.

    Herritarrek errota egiterakoan, kontutan hartu beharra zeukaten ez zutela inoren martxari trabarik egin beharko. Honetaz aparte ez da argi geratzen liburuetan errota egin, ala ez zuten egin. Agian 1730. urteko dekretuaren ezeztatzearekin (Lotura), ez zuten inongo eskaerarik bidali errota egiteko.

     

    Infernuko errota

    Errotaren jabeak urteetan Etxalarko herria eta Baztango arana izan ziren. Hau izateko arrazoia bat da; errota alde batetik Etxalarko lurraldeetan egiten du oinarri eta bertze aldean berriz Baztango lurretan, eta tartean errotaren azpitik, harriak mugitzeko erabiltzen den erreka pasatzen da. Sortzen den ur jauziak mugitzen du errotako harria.

    Sortu zenean, errota erreka gurutzatzen zuten hiru enborren gainean egina zegoen, egurrezko paretekin. Bertan beti inguruko baserritako errotariak egoten ziren lanean, normalean egunez. Bertze batzuetan berriz gauez, errotak erabiltzea debekatua zegoenean, eta beharra zegoenean berriz, gau eta egun.

    X. mendearen bukaeran, bertatik oinez hogei minututara dagoen Etxebertzeko bordako jatetxeko jabeak erosi eta berpiztu zuen bisitarako toki edo parada ezin hobea bihurtuz. Errotaraino joateko bi ibilbide daude, batetik Etxalartik abiatzen dena eta bertzea berriz Baztan aldetik. Ikusi ibilbidea.

    Historia

    Errota hau Karlista garaian eraiki zen eta inguruko mendietan (Aizkolegi, Alkurruntz eta Barda) zenbiltzan soldaduentzat paper garrantzitsua izan zuen, bertan lortzen baitzuten behar zuten irina aurrera ateratzeko.

    Behin gerra guztiak pasata, Baztan eta inguruko herri eta baserritakoak, bere astoak kargatuak zituztela, beraien aleak irintzera joaten ziren Infernuko errotaraino. Orduan bertako errotariek izen ona zuten, beraien lan egiteko era garbiarengatik eta fideltasunarengatik.

    Infernuko errotako ibilbidea (“Infernuko errota” SL-NA 13)

    Obeneko errota

    1860. urtean Antonio Iribarrenek bere etxe ondoan, Obeneko bordan, errota bat egiteko eskaera bat egin zuen. Errotako harriak mugitzeko indarra lortzeko, bere etxe ondotik pasatzen ziren bi errekatxo bateratuko zituen, Erkubide eta Urtsua errekak hain zuzen ere. Udalak bere eskaera onartu zuen, ez baitzuen inongo kalterik egingo herriaren martxari. Ordu arte inguru horretako baserri gehientsuenak ondoko herrietara (Zugarramurdi/Urdazubi) jotzen zuten beraien aleak irintzeko. Errota, eskaeran planteatu bezala egin zen, bi ubideekin.

    Errota, Etxalar eta Zugarramurdiko arteko bide bazterrean dago, Urtsumiatsa gainetik Zugarramurdira jaisterakoan, lekurik baxuenean. Etxea eta inguruak berriki konponduak eta apainduak izan dira errotaren jabearengatik. Itxura paregabea du eta merezi du dudarik gabe bertatik bueltatxo bat ematea.

     

    Murdeneko borda

    Errota txiki hau Urritzokieta auzoan kokatua dago, Murdeneko bordara doan bidearen bazterrean. Eraikuntza berezi hau “Murdeneko bordako errota” bezala ezaguna da eta honen jabeak, sortzaileak bezala, Murdeneko bordakoak dira.

    Errota hau 1940 eta 1950. urteen bitartean eraiki zuten eta Murdeneko bordako Javiera Goienetxe Martikorena izan zen bertako lehendabiziko errotaria. Bertara auzotarrak eta ingurukoak joaten ziren artoa irintzera, noiz behinka herrikoak ere. Errotaren egoera urtetan tamalgarrian izan da. Gaur egun eraikuntzak itxura ederra du eta martxan jartzeko konponketak egin ziren. Bisitarako parada polita da.

    Burdinolak Etxalarren

    Herriarentzako, era honetako olak, bere garapenerako bultzakada handia izan ziren bere garaian. Horren lekuko dira herrian banaturik dauden ola hitza barne duten etxeen izenak; Olazarrea, Olagaraia, Olako borda. Burdinolekin erlazionatutako herriko bertze etxea bat badago ere; Urtzallenea (burdinolan urtzeko lanetan egoten zen langilearen etxea).

    Data zehatz eta argirik ez badaude ere, 1428. urtean Laxa izeneko burdinola bateen datuak badira. Urte honetatik aitzinera ziurtatzen ahal da Etxalarren burdinolak bazeudela

    Burdinolen eboluzioa:

    XIV. mende arte burdinolak mendi bazterretan kokatzen ziren bertako egurra eta haize korronteak aprobetxatzeko. Burdinola hauek haize-olak bezala ezagutzen ziren. Burdinola hauetan eskulan handia egin beharra zen.

    XIV. mendetik XIX.-ra burdinolak erreka bazterretan kokatzen joan ziren ur indarra aprobetxatzeko eta lana errazteko. XVIII. mendean nabaritzen hasia zen burdinolen dekadentzia. Honen arrazoi garrantzitsuenak labe eta ibilgailu berrien agerpena eta basoen jaitsiera izan zen.

    Urezko Burdinolak Etxalarren:

    Betidanik ezaguna izanda bi burdinolen existentzia herrian. Hauek Goiko ola eta Beheko ola bezala ezagutu dira urteetan zehar. Hauen informazioa eta aipamenak, udaleko liburuetan agertzen dira 1680. urtetik aitzinera.

    Goiko ola, Altxata errekaren ondoan kokatua dago, Baztanen borda parean. Oraindik erresto batzuk gelditzen dira ikusgarri; etxea, labea, kanala, eta abar.

    Beheko ola bezala ezagutzen den burdinola, herritik 4 bat km-tara kokatua dago. Honetan, eraikinaren paretak, presaren errestoak, antepeta eta bertzelako gauzak ikusgarri daude oraindik ere. Bere izena “Echarlassa” da (Agian Laxa eta Echarlassa burdinola berdinak dira baina, hau konfirmatzeko gehiago ikertu beharko zen)..

    Burdinola hauetaz aparte, burdinola izanaren aztarna batzuk badira Desola baserriko belardiaren azpialdean, Tximista errekaren ondoan. Bertan ikusi daitezke pareta batzuk eta kanal baten antzeko zulo edo jauzia. Dirudienez ura egurrezko presa batekin eramaten zuten burdinolara.

    Echarlassa burdinola

    Honako izena du, herritik lau kilometrotara kokatu dagoen burdinola zaharra. Honen ondoan zentral elektriko bat dago. Burdinola ondotik zentral aldera doan bidea, herrira eramaten zuen bidea zaharra zen.

    Burdinola tximista erreka bazterrean kokatua dago, gaur egun herrira eramaten duen errepidearen azpi aldean. Burdinola bi eraikuntza desberdinetan banatzen da, burdinola handia eta burdinola txikia. Hauen paretak eta lurrak harri gorrizkoak dira, herriko zentinela menditik ekarritakoak ziurrenik, herriko bertze etxeentzako bezala. Burdinolaren azpi aldeak uholdeek ekarritako legar eta lurrez estalita daude.

    Aitzinako idatzien arabera, bertan jendea bizi zen. Bi eraikinen ondoan bi labe daude. Hauetan mena edo burdin minerala kiskaltzen zen, gero burdinola handian lantzeko.

    Bi eraikuntzen arteko diferentzia ez zen tamaina bakarrik, bertan egiten zen lana desberdina zen baita ere. Burdinola handian, burdin mineralari burdina ateratzen zioten eta gero burdin hau kolpatuz arbastu egiten zen totxo (1 * 8zmkoak) antzeko batzuk ateraz. Gero totxo hauek hartu eta burdinola txikira eramaten ziren bertan mehetu eta azken produktua ateratzeko. Bertze desberdintasun aipagarri bat, eraikin bakoitzean erabiltzen zituzten hauspoak ziren. Handian haize korronte handia behar zuten sutegian tenperaturak handiak lortzeko burdin minerala urtzeko.

    Eraikin handian hauspo bat edo bi erabiltzen zituzten eta txikian berriz haize-arka metodoa erabiltzen zen. Eraikin baten bazter batean 1780. urteko data bat agertzen da. Orduan handitze edo berregite lanak egin izanen zituzten.

    Eraikuntzetatik berrehun bat metro gorago, burdinolaren presa zegoen. Bere garaian presa honen funtzioa burdinolara ura bidaltzea zen. Honek 25 metroko zabalera zeukan eta harri gorriz egina zegoen. Gaur egun aztarnak bertzerik ez daude, 2007ko uholdeek presa suntsitu baitzuten.

    Presaren eskuineko aldean jaiotzen den ubideak, burdinolarako bidean dimentsio desberdinak ditu. Hasierako zatian zabalera 3 metrokoa zen, erdiko zatian 4 metrotara zabaltzen zen eta bukaeran, depositua antzeko bat zegoen lekuan, 5 metroko zabalera eta 15 metroko luzera zeukan. Luzera guztiaren erdialdean hustubide bat du. Depositu honek alde batetik mendia dauka eta bertzetik 1,5 metroko zabalera duen horma bat. Horma hauek harri losaz eginak dira tartetan beruna urtua dutelarik ura ez eskapatzeko.

    HORNIKUNTZA

    Burdin minerala

    Burdinolan lantzeko materiala Bizkaitik etortzen zen batez ere, Sorromostro izeneko meategietatik. Inguruko herritatik, Bezerro eta Sarrayako (Bera) meategitik, ere ekartzen zen. Gure herrian ere meategiak ere esplotatzen ziren. Ikusgarri dago oraindik azeri lepoan izeneko parajean dagoena.

    Bizkaitik ekartzen zituzten hornidurak, itsasontziz ailegatzen ziren Hondarribira. Hemendik Bidasoa ibaian gora gabarretan eramaten zituzten Montoya (Berako deskarga-lekua) izeneko lekura arte, eta azkenekoz mandazainak beraien gurdiekin burdinolaraino. Garai haietan Bidasoa ibai nabigagarria zen Endarlazako presa egin zuten arte. Echarlassa burdinolan urtean 69.000 kg burdin ateratzen zituzten. Hau ateratzeko 207.000kg mineral landu behar ziren urtean, egunean 350 kg. burdin ateraz.

    Ikatza: Orduan zegoen bizimodurako, garrantzi handi zuten herri inguruko basoek, aberastasun handia baitzen. Ikatza egiteko egur kargak, lurralde publikoak nahiz pribatuak erabiltzen ziren, gero ikatz hau burdinolako labeetan burdin minerala urtzeko erabiltzeko.

    Burdinolan erabiltzeko mendi karga hauek udalak banatzen zituen. Garai haietan kontsumoa handia zegoen eta kontu aunitz edukitzen zen mendia ez hondatzeko. Isunak jartzen ziren mendia gaizki zaindu edo bortxatzen zutenenei. Karga hauek herriko inguru desberdinetatik ekartzen zituzten; Ezkurriaga, Ossobiaga, Zimeldiko erreka, Barda… Leku hauetan oraindik nabariak dira ikazte-plazak.

    Egurra saltzen zuten partikularrek, behartuak zeuden burdinola alokatu zuenari, egurra ikatz bezala saltzea. Hau garraiatzea, mandazainen esku gelditzen zen eta zakuen neurriak udalak erraten zuenak izan behar ziren. Eguneroko produkzio egiteko, ikazgileek eguneko 3 bat tona ikatz sortu beharra zuten eta mandazainak bertaraino eraman.

    Produktuak: Burdinolatik gehien ateratzen zen produktua burdinazko barrak ziren. Barra hauek leku desberdinetara esportatzen ziren; Iruña, Zaragoza, Portugalete, iparraldeko herrietara. Hala ere hauetaz aparte herritarrentzat palak, aitzurrak, mailuak eta bertzelako tresnak egiten ziren ere.

    Tresnak: Burdinolako langileek lan egiteko tresna desberdin aunitz erabiltzen zituzten; (Gazteleraz) “19 cercillas, 2 puxones, 12 chimelas, gabia, boga, ingud, borra, 2 mazos, 3 pares de corrica” eta bertze tresna aunitz.

    Errentamendua:

     Lehendabiziko errentamendu datuak 1680. urtekoak dira. Burdinola lau urterako eskaintzen zen, udalaren kargu gelditzen zirelarik bertako tresnak. Bertze gauza guztiak, errentan hartzen zuen pertsonarengan gelditzen ziren. Errendamenduaren eskaintza ondoko herrietan egiten zen ere. Enkanteak argizari batek irauten zuena luzatzen zen. Errentan hartzerakoan, errentatzailearen esku gelditzen zen burdinolako langileen kontratazioa. Burdinolaren alokairu kontratuan, ikatza, kargak eta bertzelako gauzentzako hainbat klausula zeuden bete beharrekoak. Kontratuan barne zeuden ere egur karga batzuk.

    Errentamendua bukatzerakoan, burdinolako elementua guztien tasazioa egiten zen, dirua emanez bertan egindako hobekuntzarengatik eta alderantziz zerbait hondatua baldin bazegoen.

    1816. urtetik aitzinera, udalak bertako kontuen ardura hartu zuen. Aldaketa hau, burdinolak jasaten ari zen dekadentziagatik eta orduko egoera zailengatik eman zen.

    1817. urtean burdinola alokatu egin zen kobrea urtzeko. Komandante batek ere eskaera bat egin zuen bertan bolbora egiteko. Burdinolaren azken egunetan, inork ez zuen alokatzen eta udalak olak martxan jarrai zezan, kredituak eskatu behar izan zituen.

    Goiko burdinola

    Herriko jendeak dioenez, bertan egiten ziren lan guztien artean, gerra garaietan erabiltzeko balak egiten zituzten eta hauen egileak emakumeak omen ziren. Goiko burdinola Altxata erreka edo “Infernuko erreka” bezala ezaguna den erreka bazterrean dago kokatuta. Bertara ailegatzeko, Orizki auzoko Baztanen bordara ailegatzerakoan, belardia gurutzatuz behera, erreka aldera, doan bidea hartuta, burdinolaraino eramango gaitu. Bidean behera joan ahala agerian gelditzen da bere garaian burdinolak eduki zuen garrantzia, tarteka belardia eta mendia finkatzeko paretak eginak baitira.

    Goiko burdinolan leku desberdinak daude. Alde batetik erakin printzipala dago, honen sarreran biltegi txiki bat, labe bat eta bertaraino ura ekarri eta dena martxan jartzen zuen ubide bat. Eraikin printzipala bi gela txiki eta handi batean banatuta zegoela nabari daiteke. Eraikina guztia lapitz harriz egina dago, baita burdin minerala egosteko erabiltzen zen labea eta ubidea eusten duen pareta ere. Erakin nagusiaren sarreran dagoen biltegi txikia harri berdinaz egina dago ere. Burdinola honen ubidearen hasiera, Altxatako erreka (edo infernuko erreka) eta Bagoeko errekak topo egiten duten lekuan dago. Ubidea eta burdinolaren tartean zubi bat dago. Honek Baztan aldeko baserrietara eramaten du.

    Metal eta mineral esplotazioak

    1833. urtean Tomas Iribarrenek eskaera bat bidali zuen udaletxeari. Idatzi honetan Altxatako Uzkaloz parajean aurkitutako meategia esplotatzeko baimena eskatzen zuen. Herriak meategia esplotatzeko ola egiten utzi zion, hau da labe eta ubidea. Debekatua zuten egoera aprobetxatuz errota bat egitea. Ola egiterakoan parajeko jabeei konpentsatu behar zieten, hondatutako eta botatako arbolak ordainduz. Ola bukatuta zegoenean, bertaraino 3 peritu, alkatea eta herriko eskribaua agertu ziren behin betiko onespena emateko. Ordainketa batzuk ere egin behar izan zituzten Nafarroako erreinuri, denetara 250 erreal. Esplotazio honetan interesatuak zeuden baita ere Bera, Lesakako eta herria bertako jendea. Ziurrenik bertatik ateratzen ziren metal eta mineralak, gaineko eta beheko olan (Etxarlassa) landuko zituzten.

    Esplotazio honetan interesatuak zeuden baita ere Bera, Lesakako eta herria bertako jendea. Ziurrenik bertatik ateratzen ziren metal eta mineralak, gaineko eta beheko olan (Etxarlassa) landuko zituzten.

    Herriko kisulabeak

    Etxalarko lurraldetatik paseatu ezkero, kisu labe aunitz ikusi daitezke belardi eta bide bazterretan. Badira herri inguruan kokatuak daudenak eta badira baita baserriko auzoetan ere. Kisu labeak beti lana egin behar zen belardi edo landaren ondoan eraikitzen ziren. Hauen gaur egungo egoera, gutti batzuk kenduta, nahiko txarra da, sastrakaz estalita ez badaude, egoera tamalgarrian edo eroriak daude. Kisu labe gehientsuenak erakin zirkularrak dira, sarrera txiki bat beheko aldean dutela egosketa kontrolatzeko. Garai batean kisua edo karea lortzeko, lapitz harria bi egun jarraian egosten jartzen zen. Eraikin hauen goiko aldea irekia da, eta bertatik betetzen ziren. Gero lortutako kisua (karea), landa eta belardietan ongarri bezala hedatzeko erabiltzen zen eta hargin lanetako ere. Labe hauen jabeek, beraientzako prestatzen zuten kisuaren soberakinak saldu egiten zituzten.

    Hobekien kontserbatzen diren kisu labeak; Ermitarako errepide bazterrean daudenak, Beko Zubi baserrikoa eta  Errotagaraia etxearen ondoan dagoena.

     

    Herriko iturriak

    Balaxeko iturria

    Karrikatik kilometro t´erdira kokatua dago, Sarako bidean. Garai batean, gaztelerazko goitizenak zioen bezala (·Fuente de la teja), iturria teilatu txiki batez estalita zegoen. Bertaraino herritar asko joaten da espresuki bertako uraren bila etxean edateko. Bertako ura edangarria da.

    Arroseko iturria

    XX. mende bukaera arte gaur egun duen itxurarekin ez du ezer ikustekorik. Lehen iturriak gaur egun dituen txorrota berdinak zituen, baina abereak ura edateko aska handi bat zuen ere. Gaur egun itxura bertzelakoa du askoz ere modernoagoa, loreak inguruan eta jarlekuarekin. Bertze iturri aunitzek bezala, honek bere izena ondoko etxetik hartu du, Arrosea etxetik hain zuzen ere. Bertako ura edangarria da.

    Plazako iturria

    1822. urtea tailaturik agertzen den iturri honetan, gaur egun dagoen lekura 1852. urtean eraman zuten. Ordu arte iturria herriko enparantza zaharraren ondoan kokatua zegoen, hain zuzenki gaur egun kultur etxea den eraikinaren sarrerako arkuaren bazter batean. Leku hau “el botillo” bezala ezaguna zen. Iturria hau eramateak 400 errealen kostua izan zuen. Frontoiaren atzealdean dago eta honetara ailegatzen den ura Urrutia-ko gaztainaditik dator. Bertako ura edangarria da.

    Endarako iturria

    Iturri hau Endara etxearen aitzineko partean dago. Iturria, bertze gehientsuak bezala harri gorriz egindako da. Iturria hau herrian, “Pradereneko iturria” bezala ezaguna da ere. Auzoko jende aunitz bertaraino hurbiltzen da etxerako ur bila. Bertako ura edangarria da.

    Basateneko iturria

    Bere izenak dioen bezala, iturri hau Basateneko erreka ondoan kokatua dago, Sarako bidea hartzerakoan Antsolokueta auzoko etxeak bukatzean, bide bazterrean. Egoera ez da hoberena eta ia ez da urik ailegatzen bertaraino. Bertako ura ez da komeni edatea.

    Txirrimako iturria

    Herriko iturri aunitz bezala, honek ere bere izenak bere kokapena zehazten du. Kasu honetan iturri hau Txirrima etxea eta Antsolokuetako garbilekuaren artean kokatua dago. Bertan isurtzen den ura da gero garbilekutik pasatzen den berdina. Iturri honetako ura ez da komenigarria edatea.

    Aipatutako iturrietatik kanpo badira bertze aunitz baserri auzoetan eta mendietatik sakabanatuak. Hona hemen ezagunenak; Azkuako iturria, Orenbentako iturria, Listristako iturria, Iturraldeko borda iturria, Miakako iturria eta bertze batzuk gehio… Aipatutako guztiak, uda edangarria dute.

    Etxalarko zubiak

    Sarriku eta Garaiko zubia:

    Bi zubi hauek 1760. urtean egin zituzten. Zubi hauetatik, “Santiago bidea” izeneko bide zaharra, bertatik pasatzen da. Herrian Garaiko zubia, ermitako zubia bezala ezagutzen da. Bi zubi hauek ondoan duten baserrietatik hartzen dute izena, bata Garaiakoetxea bordatik eta bertzea berriz Sarrikuko bordatik Eraiketa, erromatar estilokoa, eta itxura, ia berdina dute bi zubiek, Sarrikukoa pixka bat handiagoa izanik. Garaiko zubiari XX. mende bukaeran konponketa batzuk egin zizkioten. Biek bisita bat egiteko parada oso interesgarriak dira.

    Zubiaundi Zubia:

    Herrian Arroseako zubia bezala ezaguna den harrizko zubi hau (Arrosea etxearen ondoan baitago), Antsolokueta eta Andutzeta auzoak batzen ditu. Herriko zubi handienetako bat da eta bi arku dituen bakarra. Zubi honi 1888. urtean, bazterreko paretak konpondu zizkioten.

    Iturriotz-ko Zubia:

    Herriaren sarreran dagoen arku bakarreko zubi honek, Iturriotz izena du. 1887. urtean egindako eraikuntza honek, 9.127,80 pezetetako balioa izan zuen. Honen aitzineko zubia egurrezkoa zen. Izena, garai batean bertara ailegatzen zen iturri batetik hartua zen.

    Sainduneako Zubia:

    Zubi hau Urritzokieta auzoko zubirik zaharrena da. Hau Sainduenea baserriaren ondoan dago. Arku bakarrekoa da eta harri gorriz egina.

    Arteneko Zubia:

    Zubia hau arteneko errekaren bukaeran dago. Zugarramurdira joateko bide zaharrari jarraipena ematen dio. Denbora batean bertatik, Aralarko “San Miguel “-en imajinaren etorrerarekin, landak eta belardiak bedeinkatzen ziren.

    Arbiako Zubia:

    Zubi hau herrian ez da hagitz ezaguna da. Goiko zentrala elektrikotik 300 bat metrotara kokatua dago, bidetik hamar bat metrotara erreka alderantz. Bertatik ziurrenik Santiago bidea pasako zen. Zubia pasatzen duen bidea jarraituz Desola baserrian dauden Burdinolen aztarnetara eramaten gaitu. Zubiak segidako inskripzioa dauka:  J.A.S. 1801.

    Historia

    Prehistoria

    Historiaurrez hitz-egiteko, antzinako arbasoak utzitako errestoengatik hasi beharra da. Orain dela 2500-3000 urte egindako monumentu megalitikoak dira herrian eta Nafarroan dauden arrasto zaharrenak.

    Etxalarko kasuan hainbat arrasto topatu daitezke Iratzako eta Zenitenelako mendi magaletan, harrespilak, cromlechak eta tumuluak batez ere. Hauek Pirineotako kultur megalitikoaren barruan kokatzen dira. Eraikin hauek, hobiratze kolektiboaren benetako mausoleoak dira. Bertan lurperatu ziren gure lurraldetako lehendabiziko biztanleak.

    Nahiz eta monumentu megalitikoak egiteko materialak oso eskuragarri eduki, esfortzu handi egin beharra zuten hauek eraikitzeko. Garrantzi gehiago ematen zioten hil osteko egoitzari, eguneroko bizia egiteko etxeari baino.

    Orduko jendeak artzaintzarekin, zerealen bilketarekin, ehizarekin eta arrantzaren laguntzarekin lortzen zuten bizitza aurrera ateratzea. Bizitzako arlo batzuetan nomaden bizitza eramaten zuten, belardiak bilatu behar baitzituzten beraien abereentzat, baina beti bizitzeko leku finko bat mantenduz.

     

    Aztarna prehistorikoa

    Etxalarko herrian historiaurreko aztarna aunitz daude mendietan banatuak. Hauetako gehientsuenak Zentinela mendiko ekialdeko partean daude eta mota askotarikoak daude. Gehien bat dolmenak dira, baina badira baita ere harrespilak edo cromlechak, tumuluak, eta iruinarriak edo menhirrak. Hauek dira hauetako batzuen kokapenak:

    • Dolmenak: Olako Harri, Akelarre, Orizki Gaina, Akelarreko bizkarra, Okalarre, Zulubiko erreka eta Artola.
    • Iruinarriak: Altsoroi.
    • Tumulua: Bagobilleta.
    • Harrespilak – Cromlechak: Zentinelako gaina.

    Herrian ezagunenak, Zentinela mendi gainenean dauden harrespilak dira. Bertatik ez oso urrun, Atxuria mendiaren magalean, Ibaineta izeneko parajean, Zugarramurdiko lurraldetan, dolmen eta harrespilak daude baita ere.

    Etxalarrek,
    nobleziaren,
    kaparetasun eta
    leialtasun
    tituluak dauzka,
    Iruña, Baztan eta
    Erronkarik adina.

    Antzinako historia

    Badirudi Pompeyok sortu zuela herria, Pirineoak zeharkatuz, Erromatik zetorrela eta Pompeyopolis izena jarri zion. Herria gotortu zuen, bere zereginen gunea bihurtuz.

    Orreagako batailan porrot egin ondoren, Eblo eta Aznar kondeek Carlo Magnoren aginduz Etxalar indarrez hartzen saiatu ziren, baina porrot egin zuten.

    Santxo Gartzia, Abarka goitizena zeukan Nafarroako lehen erregeak, frankoen kontrako bataila eduki zuen Etxalarko inguruetan eta, herriaren zerbitzu leiala eskertzeko, pribilegioak eta armarri bat eman zizkion abarken irudiarekin (996). Santxo Gartziak biziki estimatzen zuen herria eta horren seinale Sobrarbe gurutzea oparitu zion.

    Santxo Ramírez Aragoiko erregea Nafarroako errege koroatu zutenean (1076), Etxalartarrek ohore hori ukatu zioten. Gartzia Ramírez, berriz, lagundu zuten errege koroatu zutenean.

    Santxo Indartsuak, frankizia eta foruekin saritu zuen Etxalar, Navas de Tolosako batailan erakutsitako adoreagatik, urrezko katea zeraman ikurra oparituz, hain zuzen geroago Nafarroako armarriak hartuko zuena.

    Etxalarko noblezia godoen eta erromatarren garaikoa da, urteetan zehar bere lurrak zigorrik gabe mantentzea eta arabiar eta afrikar inbasioekiko independentzia lortuz.

    Etxalarko noblezia, erromatar eta godoen garaikoa da, betidanik beren lurraldeak eta independentzia mantendu baitituzte arabiar eta afrikarren inbasioetatik.

    XIV. mendean, Etxalar lau-hirien (Arantza, Igantzi, Bera Eta Lesaka) erreinuan sartu zen. Honetan Lesakak eta Etxalarrek bakarrik zeukaten erabakiak hartzeko ahalmena.

    Urteak pasatzen zihoazen heinean, Etxalar herriak borrokan jarraitu zuen lapurtarrekin. Borroka hauetatik, gehi beste antzeko ekintzengatik, hurrengo pribilegio hau eman zion herriari orduan Nafarroako errege zen Don Juan II.ak: artzainek egun berean joan eta etorria egiten ahal zuten belardietaraino beraien abereak bazkatzeko baimena zuten, nahiz eta zeharkatzen zituzten belardi, mendi edo lurraldeak erreinukoak izan.

    Errege Katolikoek Etxalarko pribilegioak (1512) berretsi zituzten, Granadako setio eta hartzean parte hartzeagatik.

    Etxalarrek, nobleziaren, kaparetasun eta leialtasun tituluak dauzka, Iruña, Baztan eta Erronkarik adina.

     

    XX. mendea

    Etxalarren XX. mendea, transformazio garai bat izan da, gauza aunitz desagertu egin dira, baina gauza aunitz sortu egin dira ere.

    Aldaketa nabarmenetako bat biztanle kopuruan eman zen. XX. mende hasieran,  Etxalarko biztanle kopurua gaur egungoa erraz bikoizten zuen.

    Mende hasieran lanbide desberdin ugari baziren herrian. Gaur egun bakarren batek oraindik dihardu lanean. Garai haietan herrian baziren urezko lau errota martxan, garrantzizko teileri bat, zerrategiak (gaur egun badago bat), oihan eta meategi esplotazioak, tailer txikiak eta kisu labeak nekazaritzan ongarri bezala erabiltzeko eta igeltserotzan etxeak zuritzeko.

    Garai haietan herrian ere baziren bi ostatu, herriko musika banda bat, albinti bat, baso zain bat, txiroentzako etxe bat eta aska aunitz herrian sakabanatuak abereak ura edan ahal izateko. Mendeko lehen urte horietan abeltzaintza arlo guztietan indartuta zegoen.

    Urteak aurrera joan ahala, gerra ondoko urteetan batez ere, baserriak eta herriko etxeak husten joan ziren, bai biztanle kopurua aldetik nahiz abere buru kopuru aldetik. Garai haietako herriko gazteriaren zati handi batek, Ameriketara joan zen artzain lanetara, bertze batzuk berriz Frantziara joan ziren sasoikako langile bezala egurgile bezala lan egitera oihanetara.

    Herriko mugan, mendearen erdialdean, herriko bizilagunen joan etorriak ohikoak ziren, hauetako batzuk kontrabando lanetan ibiltzen baitziren, “gau lana” bezala ezaguna zena. Honek diru sarrera polita suposatzen zuen garai haietarako eta bizitza aurrera ateratzeko lagungarri.

    Mendearen azken herenean, industriaren etorrerarekin, herriko nekazaritzak eta abeltzaintzak izan zuten jaitsierarik nabarmenaren garaia izan zen. Urteak aitzinera joan ahala jaitsierak jarraitu egin zuen gaur egungo presentzia ia sinbolikora ailegatu arte.

    Gaur egun Etxalar zerbitzu aunitz dituen herria da eta bertako ekonomia negozio ttiki, Lorpen galtzerdi fabrika, turismo sektorean eta nagusiki inguruko industria guneetan oinarritzen da.

    Gertakari historikoak

    Azoka eta Merkatua

    XIX. mende erdian, Etxalarko herriari, orduan Nafarroako komertzio, eraikuntza eta herri lanetako ministroa zenak, Baimen erreal bat (Permiso real) eman zion herrian urteroko azoka urtarrilaren 15, 16 eta 17an egiteko eta hilabete bakoitzeko 2. eta 4. asteko egun batean merkatua egiteko  baimena ere. Udalak, astelehena aukeratu zuen merkatuak egiteko eguna, eta honen berri Nafarroako gobernadoreak izan zuen. Udalak, merkatuaren funtzionamendua ona izan zedin, arau batzuk atera zituen:

    • Debekatua zegoen beheko enparantzan abereak uztea (Gaur egungo enparantza).
    • Merkatuko lehen egunean Jauregieta, Iñarreta, Artanaran, Sarriku, Orizki, Orainbeta eta Lakain auzoetako etxe bakoitzetik edozein eratako azienda bat eraman beharra zen.
    • Bigarrengoan berriz Andutzeta, Antsolokueta, Gorosurreta, Lurrizti eder (Burdinola aldera), Urritzokieta eta Larrapilkoek.
    • Denek ordu biak baino lehen, azienda eraman zutela egiaztatu beharra zuten.
    • Udan bortzetan eta neguan lauak arte egon beharra zen, bestela pezeta bateko isuna zeukaten.

    Araudi honek, herritarrek ohitura hartu arte jarraitu zuen. Udalakoek ziotenez, herriaren hobe beharrez  ezarri zuten araudia. Etxalarko merkatuaz aparte, eskualdeko herrietan, Lesaka, Elizondo eta Donezteben, urteko azoka eta asteroko merkatua ospatzen ziren. .

    Azoka eta Merkatua

    • 1776. Etxalarko herrian urte honetan epidemia edo izurrite latz batek 591 abere buru hil zituen. Hauen ordez ahuntzak ekarri zituzten. Hauei hortzak moztu zizkieten arbolei kalte ez egiteko.
    • 1785. 27 lur eremu eman zitzaizkion dohainik Juan Mª Iturria-ri bere anaiak bidali zuen dirua konpentsatzeko. Anaia Indian zegoen misiolari bezala. Bidaltzen zuen dirua, elizarako organo berri bat erosteko erabili zen.
    • 1843. Iruña eta Endarlatsa arteko errepidearen eraikuntza.
    • 1849. Hiru edo lau otso lau-herri (Bertizarana) eta Etxalar arteko lurraldeetan.
    • 1851. Herriko errepidea eraiki zen burdinolatik herrira. Denetara 8 urte iraun zuten.
    • 1852. Herrian 445 bizilagun eta 1825 arima zeuden.Urte honetan bertan, Txirrimako teila eta adreilu fabrikako enkante publikoaren baldintzak atera ziren, tresnak eta txabola barne.
    • 1852an frontoiaren (Orduan “plaza del juego de la pelota”) egoera kaskarra ikusita, txerri eta itaxurren ondorio, konpontzea erabaki zen.
    • 1853an Ramon Iribarrenek, Lekunberri baserriko jabeak, berak zeukan kobre fabrika, presa eta terrenoekin truke egin nahi zuen udalarekin.
    • 1854. Mitxelarrenea (Udalatxea) eta Atxurdenea herriarenak zirenean, lehenbizikoan Maisuen logelak eta haurren eskola egoten zen eta bertzean berriz haurrentzako logelak.
    • 1855. Urte honetan hil ziren 62 pertsonatik, 29 koleraren erruz hil ziren.
    • 1876. Gerran hildako guztiak, zentinela mendiko bataila eremuan lurperatu zituzten otsailaren 18 eta 19an.
    • 1881. Herriko gaztainondoak eritu egin ziren.
    • 1855. Isastea eta Arrosea arteko pareta egin zen eta 966 pzta kosta zen.
    • 1890. Urte honetan hiltegia eta harakindegia egiteko akordiora ailegatu zen udala.
    • 1893. Eliza eta Arrosea arteko ibilbidea egin zen eta 4200 pzta kosta zen.
    • 1925. Añegiko tunela botatzeko akordiora ailegatu ziren 6000 pezetetako aurrekontuarekin.
    • 1949. Herriko kaleak eta enparantza zola berritu egin ziren.

      Karlisten Aztarnak Etxalarren

      Etxalarko Karlista  garaiko aztarnak, Atxuri mendian daude. Hauetako batzuk, Atxuria mendiak lepo txiki bat marrazten duen lekuan daude eta bertzeak berriz, hauetatik 150 – 200 metrotara. Leku hau,  inguru guztiko mugimenduak kontrolatzeko leku paregabea zen. Oraindik ere nabaritzen da bertaraino, Zugarramurdi aldetik, ailegatzen zen gurdi bidea. Aztarnak ikusita erran daiteke hiru edo lau eraikuntza zeudela, beraz jende mordoa egonen zen inguru haietan. Karlisten bigarrengo ofentsiban, Don Karlosen ejertzitoak atzera egin behar izan zuen baita ere inguruko mendietan. Gatazka honi, Atxuriko bataila bezala ezagutzen da.

      Kultura

      Etxalar, Baztan Bidasoa eskualdeko herri aunitz bezala kondairaz Beteta dago, eta hauek neurri batean herria interesgarriago eta erakargarriagoa bihurtzen du.

      Jarraian Etxalarko kondaira ezagunenak:

      Kondairak

      Infernuko errota:

      Izenaren zergatia

      Kondaira asko daude leku berezi honen inguruan. Batek dio bertan lanerako zeuden lan baldintza txarrengatik duela izen hori.

      Bertze kondaira batek dio, beherago dagoen zubi batetik deabruak bere burua bota zuela inguruko hizkuntza ezin zuelako ulertu.

      Bertze batek berriz dio, inguruetan egiten zen ikatzaren txondorrek, kea eta sugarrengatik, infernua zirudiela.

      Aipatu kondairaz aparte, badago bertze kondaira bat, herriz herri kantari ibiltzen ziren bi anai dituena protagonista. Laburtuz, Infernuko errota inguruan egiten ziren akelarreetako partaideek, amildegitik bera bota zuten bi anai hauetako zaharrena, akelarrekoek pertsona bat hiltzeko zeukaten konjurua edo errituala hausteagatik.

      Ordu ezkero larunbatero, Larunbata Santutan izan ezik, gorputz batek erortzerakoan egiten duen soinua eta oihua entzuten omen dira.

      Sorginkeria Etxalarren

      Etxalarko biztanleak ere, Logroñoko 1610. urteko auto fedetako gora beheretan nahastuak egon ziren. Herriko hiru onuradunak, Migel de Olagaray, Labayen eta Tomás de Urrutia, akusatutako jendea defenditzen saiatu ziren beraien etxetara eramanez eta esna mantenduz. Gisa honetan akelarre batean ikusi zituztela ezeztatzen ahal zuten.

      1611ko urtarrilaren 12an datatutako dokumentuan, Hualde lizentziatuak, Santu ofizioko komisariak, erraten du Etxalarko konfidenteak ezin izan zutela Eguberri egunean Iruñean egondako akelarrea aurkitu, ez baitzekiten zein lekutan ospatu zen. Konfidenteak erraten zuten mendian gora eraman zietela etxe askoz eta dorrez inguraturiko enparantza batera ailegatu arte. Bertan deabruaren batzordea omen zegoen sorginekin batera, eta hauekin lau alferiz ikurrinak kontzen.

      Golarte Jesuitak 1611ko martxoan egindako txostenean ezagutzera eman ziren, zeintzuk egin zituzten akusazioak. Hauen artean haurrak zeuden, beraien gurasoengatik derrigortuak izan zirenak, baita ere 15 urteko artzain bat, atorra baten truke akusazioa bota zuena.

      Bertze haur batek, deabruarekin erlazio homosexualak izan zituela esan zuen. Beranduago errandakoa ezeztatu zuen eta onartu zuen dena gurasoengandik laztanak jasotzeko egin zuela, sorginen biktima izanagatik.

       

      Usazaleen makilak

      Etxalarko usategietan usoak jaisteko erabiltzen dituzten makilak, artzain baten aurkikuntza omen da.

      Kondairak dionez artzain hau mendian zegoen bere ardiekin. Ardi batzuk eskapatzera zihoazenean, artzainak makila bat hartu eta ardiei bota egin zien hauek multzotzeko intentzioarekin. Kasualitatez bertatik pasatzen zen uso multzo batek makilari arreta egin zion eta jaitsi egin ziren hegazti harrapari bat zela uste zutelako.

      Uste denez gertakari honen ondoren Etxalarren usoak sarearekin harrapatzen hasi ziren.

      Etxalarko Karmen

      Etxalarko Karmenen kondairan inguruan, P. Mérimée-k idatzitako liburuan irakurri daiteke. Etxalar aipatzen denean, Karmen, soldadu batek zeraman atxilotua bere laneko kide bateri nabala batekin ebakiak egiteagatik. Kartzelako bidean hitz egiten zihoazela, Karmen konturatu zen bera eramaten zuenak, euskal kutsa nabaria zuela eta segidako solasaldia eduki zuten:

      – Laguna ene bihotzarena, ¿es usted de aquella tierra?- galdetu zion Karmen-ek.
      – Elizondokoa naiz – euskaraz erantzun zion soldaduak hunkituta.
      – Y yo soy de Echalar- erantzun zuen Karmenek .

      Segidan kontatu zion nola ijito batzuek Sevilla-ra eraman zuten. Momentu hartan, atxilotu zutenean lantegi batean lanean ari zen Nafarrora itzultzeko dirua lortzeko, bere aitaren ondora joateko.

      Kartzelarako bide guztian Karmen soldaduari libre uzteko saiakeran zebilen, bai euskaraz edo erdaraz hitz egiten, eskapatzea lortu zuen arte. Eskapatzeko, bularrean kolpe bat eman zion eta ihes egin zuen soldadua ezer egiteko aukerarekin geldituz. Elizondoko soldadu hau atxilotu eta kartzelan sartu zuten.

      Aitzinago berriro biek topo egin zuten. Ordurako Elizondotar hau, Jose izenekoa, beraz maitemindua zegoen eta soldadu izan beharrean bandolero bezala ibili zen Karmenekin batera. Bien arteko erlazioa era gogor baten bukatu zen.

      Herriko bizilagunek diotenez, Karmenen jaiotze baserria, Larrapil-Sarriku auzoko Arribeltzeko malda izeneko parajearen inguruan omen zegoen. Inguruan bere txaketa topatu omen zen desagertu zenean.

       

      Ohitura erlijiosoak

      Aste Santua

      Garai batean Aste Santuko prozesio ortzegunetan izaten zen, gaur egun berriz ostiraletan. Prozesioaren itzulia bertze garai batean egiten zen berdina da, Jauregieta, Iñarreta eta Andutzeta auzoetatik pasatuz.

      Garai haietan ostirala santu goizean “via crucis”-a edo gurutze-bidea  egiten zen. Ospakizun honetan, 14 gurutzek, kalbarioaren urratsak irudikatzen dute. Ibilaldi honetan errezatzen joaten ziren honako tarteak eginez: Kanposantutik ermitara eta Arroseko iturritik Kamioa etxeraino. Aipatu tartetan ikusgarri daude “Via crucis”-eko edo gurutze-bideko gurutze gehienak.

      Ortzila santuan, ohitura den bezala, prozesioaren ondotik berenduak egiten dira herriko elkarte eta ostatuetan. Lehen egun honekin bakailaoa jateko ohitura zen, orain berriz edozein gauza berentzen da.

      Aralarko San Migelen imajina

      Garai batean, gaur egun bezala, urtean behin bakarrik etortzen zen Aralarko San Migelen imajina, baina zeregin gehiago izaten zituen lehen. Hauetako zeregin bat landa eta belardiak bedeinkatzea izaten zen. Horretarako honako ibilaldia egiten zuen:

      • Lehen bedeinkapena: Elizako
      • Bigarren bedeinkapena: Irisarrea etxeko atakan (Landagain eskola ondoan)
      • Hirugarren bedeinkapena: Landabaurua etxean, Iñarreta auzotik joanda.
      • Laugarren eta azken bedeinkapena: Argatako zubian, Antsolokueta auzoan herriko saihesbidetik joanda.

      Bedeinkapenak egin ondotik, imajina elizara itzultzen zen.

      San Migelen Imajinak bertze zeregin bat izaten zuen ere; hagitz eri zegoen jendeak nahi izan ezkero, Aralarko San Migelen imajina etxera eramaten zieten hau miresteko.

      Gaur egun berriz Aralarko San Migelen bedeinkapena, elizako atarian bakarrik egiten da.

      Udal korporazioaren urteko mezak

      Bere denboran, Etxalarko udaleko udal korporazioak meza zehatz batzuetara joan beharra zeukan.

      Adibide bezala 1875. urtean joan behar zuten meza zerrenda. Garai hartan herriko alkatea Juan Arrivillaga zen eta idazkaria Javier Azua.

      • Jaunaren erdainkuntza (Urt. 1), Erregeen adorapena (Urt. 6), Andra mariaren garbikuntza (Ots. 2), Berrogeita hamarren igandea (Inauteriak, Bulda), Erramuen bedeinkapen igandea, ortzegun eta ostiral santua, Berpizkunde igandea, Jaunaren goraldia, Mendekoste eguneko pazkoa, SSmo Habeas Christi, Jesusen bihotz sakratua, San Pedro (Eka. 29), San Fermin (Uzt. 7), Santiago (Uzt. 25), Andra Mari (Abu. 15), Andra Arrosario (Urrian), Santu guziak (Aza. 1), Andra Maria sortzez garbia (Abe. 8), Jesus kristoren jaiotza (Abe. 25).
      • Gainera, Andra mari eguneko bezperan joaten ziren: zortzigarren “SSmo Hábeas christi” egunean eta hilabeteko hirugarren igandean

       “Biderakoa”

      Zer da?:

      Hil zorian zegoen jendeari eukaristiako sakramentuak ematen zieten. Biderakoa jasotzeko, aldez aurretik gaixoak edo bere etxekoak eskaera egin beharra zuten. Behin elizakoak enteratu ondotik, hiru kanpai-hots jotzen zituzten gaixoa karrikan bizi baldin zen eta hamar baserrikoa balitz.

      Karrikako kanpai hotsak jo ondotik meza-mutilak txintxilla jotzen zuen herritarrak elizatik agertzeko. Hemendik argizari batekin, gaixoaren etxeraino apezari laguntzen zioten. Etxera jendea ez zen igotzen.

      Apeza baserri batera joan behar zuenean herritarrek bertaraino ez zioten laguntzen. Behin gaixoarekin, jaun-hartzea eta oliadurak ematen zitzaizkion gaixoari.

      Ohitura zaharrak

      Udal batzarrak

      Lehen udaleko korporaziokoak bilera edo antzeko batera biltzeko, elizako ezkilak hiru aldiz jotzen ziren. Ez ba ziren denak agertzen beraien etxera joaten ziren abisatzera Eskuineko argazkian ikusi daiteke orduko Etxalarko udal taldea herriko telefonoaren inagurazioa egitera.

      Auzolanak

      Urte batzuetan ohitura geldirik egon bazen ere, gaur egun martxan jarraitzen du baina maila apalago batean. Garai batean urtean bi egunez egiten ziren, lehen egunean mendietan mintegi lanak  egiten ziren eta  bigarren egunean  hondatutako bideak konpontzen ziren besta aitzineko egunetan. Lanak, herritarrez gain, udaltzainak, basozainak eta bi laguntzaileek egiten zituzten. Gaur egungo auzolanak herrian zentratzen dira batez ere eta egiten diren lanen artean, bazterrak txukuntzea izaten da egiten den lanik garrantzitsuena. Badira ere baserrietan bizi direnak euren bazterrak eta bideak txukun mantentzen dituztenak ere.  

      Zerri hiltzea

      Nahiz eta gaurko egunetan ohitura hau etxe aunitzetan egitez utzia den, betidanik ezagutzen den ohitura bat da zerri hiltzea. Herrian gaur egun etxe gutxi batzuetan jarraitzen da ohitura honekin. Zerria hiltzeko garaia San Martin egunetik (azaroak 11) aitzinera hasten da, otsaila alde arte, abendua eta urtarrila izanik zerri gehien hiltzen diren hilabeteak. Hiltzen zen zerria, abuztu aldean aukeratua izaten zen bertze zerrien artetik. Batzuk zikiratu egiten ziren lodiagoak egiteko. Animalia hil aurretik “giak” edo antzeko baimen bat atera beharra zen txerriaren kalitatea ziurtatzeko. Hiltzerakoan kontutan eduki beharra zen zerriaren sexua eta eguraldia; emea bazen garai onena ilbeheran eta arra bazen berriz, hilberrian.

      Zerri hiltze egun honetan, bertzetan lan aunitzetan bezala, emakumeak ziren lan gehien egiten zutenak. Gizonek txerri eutsi, hil eta txikitzeaz bakarrik arduratzen ziren, eta emakumeak berriz bezperako egunetik baratxuriak eta tipula pikatzen hasten ziren. Zerri hiltzearen egunean odolkiak egiten zituzten eta hurrengoetan berriz, xingar eta haragiak gatzatu eta lukainkak egin. Giro hezea baldin bazegoen lukainkak idortzeko arazoak izaten ziren batzuetan. Batzuentzat, zerria hiltzeko eguna besta eguna izaten zen, lan aunitz egin behar zen arren. Giro paregabea sortzen zen. Senideak ere joaten ziren laguntzera.

      Egun honekin ongi gosaltzeko ohitura izaten zen: baratxuri zopa, gibela ondo frijitua, piku batzuk eta gero, kafea anisarekin eskaintzen zuten. Baina hobekien pasatzen zutenak haurrak ziren. Zerria hiltzen zenean, garrasiekin izutzen ziren, baina gero, maskuria garbitu eta puztu egiten zen lehortzeko, gero inauterietan erabiltzeko.

      Nahiz eta etxe batzuetan zerria hiltzeko lanetan tresna berriak erabiltzen hasi ziren, errate baterako sopletea zerria erretzeko, prozesua eta tresna gehienak betikoak izaten jarraitzen dute ohitura mantentzen den etxeetan; nabala zerria hiltzeko, iratzea zerria erretzeko, kalean zerria zintzilikatu hozteko, eta abar…. 

      Behin zerria puskatutakoan, auzoko eta senideei puska batzuk eramaten zitzaien. Lehen, puskak, aza hostoetan bilduta eramaten ziren eta etxe bakoitzera zerri puska zehatza (odolkia, gibela, lukainka…) eramaten zen. Puskak entregatzerakoan diru, galleta edo bertzelakoak ematen zituzten. Gero bertze etxekoek hiltzen zutenean, emandako zerri puska berdina bueltatzen zuten. Azken ohitura hau, oraindik ere gaur egun mantentzen da.

      Natura

      Etxalarko errekak

      Etxalarko lurraldean tamaina eta luzera desberdinetako  erreka aunitz daude sakabanatuak. Horien artean erreka nagusiena Tximista da. Honek Etxalarko erdigunea gurutzatzen du eta bertze erreka txikiagoen urak biltzen ditu honek. Horien artean nabarmenenak Artañeko erreka, Argaratako erreka eta Basatearango errekak dira.

      Tximista erreka Arbozta eta Sarriku errekek osatzen dute eta izen honekin herriko lurralde gehientsuena zeharkatzen du Bidasoa ibaian urak isurtzen dituen arte.

      Etxalarko errekak, amuarrain errekak dira eta arrantza libre denean hauetan arrantzatu daiteke nahiz eta hauen tarte batzuetan (Adibidez herriko erdigunean eta erreken hasieratan) debekatua egon.

      Uretako animaliez aparte (Amurrainak, aingirak eta txipak batez ere), erreka bazterretan bizi diren edo errekatik bizi diren bertze animaliak ere ikusi daitezke tarteka. Hauen artean ezagunena martin txoria da.

       

      Hona hemen Etxalarko erreken mapa:

      Etxalarko mendiak

      Etxalarko mendiak ez dira oso altuak baina hauen ingurua eta beraien ikuspegiak benetan ederrak dira. Herriko mendi guztien artean, Azkua mendia da aipagarriena. Herriko mendirik garaiena da (786m) eta Etxalarko lurraldearen hegoaldean kokatua dago. Bertatik mendebaldera begiratuta, Aiako harriak ikusi daitezke, iparralderago Larun mendia eta bere pean Etxalarko herria. Hegoaldera aldera berriz, Baztango mendi garaienak ikusten dira; Gorramendi, Auza, Saioa…

      Badira ere ezagunak diren bertze mendiak, tartean Elordi, Mendikarri edo Mendixorrotx. Hiru hauetatik ikuspegiak oso ederrak daude. Bertzetik Zentinela dago bere erresto megalitoekin edota Etxalarko ehiza-tokiak kokatuak dauden mendi magalak; Iarmendi (Usategiak), Urtsumiatsa eta Gorospil.

      Aipatutako mendi guztiak dira ezagutzeko interesgarriak. Badira horretarako oinezko balizatutako zenbait ibilbide.  

      Etxalarko Parajeak

      Etxalarko herria sakonago ezagutu nahi baduzu, segidan Etxalarko lurraldean dauden paraje desberdinen izenak eta herritik kanpo dauden auzoen kokapenak agertzen diren dokumentuak dituzu.

       

      Etxalarko Parajeak

      Etxalarko herria sakonago ezagutu nahi baduzu, segidan Etxalarko lurraldean dauden paraje desberdinen izenak eta herritik kanpo dauden auzoen kokapenak agertzen diren dokumentuak dituzu.

      Baserria

      Bizitza eta eboluzioa

      Pixkanaka eta urteak aitzinera egin ahala, garai batean  baserritar aunitzek, baserriko baldintza eskasak ikusita, herrian bertan bertze lanean hasteko beharra ikusi zuten edo bertzela edo Lesaka eta Berako herrietan ezarri ziren industria gunetara lan bila joatea tokatu zitzaien.

      Gaur egun baserriko bizitza egiten dutenak gutti batzuk bertzerik ez badira ere, hauek tinko eusten diote bizi mota honi nahiz eta oso bizimodu gogorra eta lotua izan. Bertze aldetik baditu bere gauza batzuk aldaezinak direnak tartean naturarekiko eta animaliekiko, batez ere abereak, lotura estua.

      Jarraian edozein baserri bateko urte bateko bizi moduaren azalpena:

      Baserriko bizitza:

      Neguko hilabeteetan aziendak baserritako edo mendietako bordetan egoten dira eguraldi txarretatik babesteko. Sasoien honetan abereei ateko batez ere, idortutako belarra eta pentsua ematen zaie. Hilabete hotz hauetan lehenbiziko arkumeak jaiotzen dira eta hauekin batera lehenengo gasna eta mamia jateko aukera ere.

      Udaberrian, egunen hobekuntzarekin, aziendak belardira eta mendira ateratzen dira bertako bazkak jateko.

      Ekaina, uztaila, abuztua eta irailean belardietako belarra moztu eta eguzkitan idortu egiten da, ondoren metatu edo fardoak egin. Gaur egun ere bolak egiten dira. Lehen baserri askotan belarra etxeko ganbaran gordetzen zen gero belar hau behiak eta ardiak bazkatzeko erabiltzeko.

      Belar meta egiteko unean ilargia ilgoran baldin badago, belarra arrunt idorra ez egonda ere, kalitate onekoa aterako da; alderantziz, belarra ilbeheran metatzen bada, eta ez badago arrunt idorra, belarrari errautsa eginen zaio eta behiak edo ardiak ez dute gustura jaten.

      Udan, egun batez, baserritarrak herrira jaisten dira, berriki moztuak izan diren ardien ilea saltzeko.

      Belarrarekin egiten den bezala, irailean iratzea pikatu, idortu eta metatu egiten da, urtean zehar aziendari azpiak moldatzeko. Urte osoan aziendari azpiak ateri eta gorotza pilatu egiten da. Frogatua dago gorotza dela ongarririk hoberena lurrarentzat. Neguko hilabeteetan ongarri hau belardiak gorozteko erabiltzen da.

      Baserria eta honen inguruaren eboluzioa:

      Baserriko lanak uztearekin batera, baserriaren ingurua asko aldatu da auzo aunitzetan.

      Batzuetan lantegi txiki edo antzeko eraikuntzak egin dituzte, bertzetan berriz etxe inguruko belardietan, arbolak, pinuak edo fruta arbolak landatu dituzte eta bertze kasuetan baserriak landa etxetan bihurtu dituzte.

      Usategiak

      Etxalar zerbaitengatik ezaguna bada, usategiengatik da ezaguna. Bertan, XV. mendetik dokumentatua eta mantendutako ehiza sistema primitiboa erabiltzen da, sare bidezko ehiza sistema tradizionala. Nahiz eta penintsula osoan ehiza mota hau debekatua egon, Etxalarren mantendu egin da, batez ere tradizioak duen garrantziagatik eta herrian oso errotua dagoelako.

      Bere historia zabalean zehar hamaika pasadizo eta kontakizunen hizpide izan dira usategiak, batetik usategiak berak sortzen zituen tirabirak zirelako eta bertzetik hauen kokapen bereziarengatik, Sara eta Etxalar herrien artean partekatuta baitaude Etxalarko usategiak. Gaur egun usategiak gure herriko ondarerik preziatuenetako bat da eta jendearen erakargarri.

      Leku ezaguna

      Etxalarko herria txikia izanik ere, nahiko ezaguna da, edo behinik behin aditua. Ehiztariez gainera, ia egunero uso denboraldian zehar, jende pila hurbiltzen da Usategietara, larunbata eta igandetan beti ere gehiago.

      Oso ohikoa da Iarmendiko bide, bidaxka eta inguruetan, Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa eta urrunagotik ere etorritako jendearekin topatzea.

      Historian zehar, atzerriko eta inguruko egunkaritan eta idazleak, ehiza mota hau aipatua izan dute euren idatzietan. Azken urteotan inguruko telebista eta egunkarietan maiz agertzen dira Etxalarko Usategiak.

      Bertatik mundu mailan ezagunak izan diren pertsonaiak egon izan dira; 1868an Napoleón enperadorea egon zen, Alfonso XII. behin baino gehiagotan joaten zen. Honen semea noiz behinka ere agertu izan zen.

      Gaur egun pertsonai ezagunen artean, Migel Induraín etortzen da urtean behin bertan ehizatu eta eguna pasatzera.

      Kokapena

      Etxalarko usategiak, Mendikarri eta Atxuria mendien arteko mendi lepoan kokatua dago, Etxalar eta Sarako herrien tartean eta aldi berean Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan, hain zuzen Iarmendi (509m) mendiko Txorilepo bezala ezaguna den mendi lepoan.

       

      Denboraldia

      Uso Pasa

      Usoak sareekin harrapatzeko denboraldia urriaren 1ean hasten da eta azaroaren 20. egunaren inguruan bukatzen da, beti ere usoaren etorrera eta eguraldiaren arabera. Ipar Europako hotzetatik ihesian datozen hegazti hauek, Afrika dute helburu, bertako klima goxoan negua igarotzeko.

      Uso pasa, sasoia aitzinera doan heinean, aldatzen joaten da. Urrian, sasoia hasten denean, lehendabiziko usoak multzo txikitan etortzen dira nahiko sakabanatuak. Tartean txoloma batzuk ere pasatzen dira.

      Urria aurrera doan heinean, uso multzoak ugariagoak eta handiagoak izaten dira. Sasoi gehientsuenetan, urriko bigarrengo hamabostaldian pasatzen da uso kopuru eta multzo handienak.

      Hilabete honetan, hasieran eta erdialdera batez ere, usoak ez dute inongo ordutegirik izaten eta edozein ordutan ikusi ditzakegu hegan. Azaroa partean berriz, uso pasa zeharo aldatzen da. Sasoiaren azkeneko zati honetan, normalki uso pasa goizeko lehen orduetan izaten da, nahiz eta aunitzetan eguerdian edota arratsaldez pasa eta harrapatu egiten diren. Uso sasoiak bukaerako egun seinalatu bat eduki arren, batzuetan lana egun batzuk luzatzen da, beti ere uso pasa eta eguraldiaren arabera.

      Haizearen zerikusia: Haizeak, usoak harrapatzeko garaian, garrantzi handia edukitzen du. Sareekin usoak ehizatzeko egunik aproposena egun garbi bat da, iparreko edo ipar-ekialdeko haizerekin. Ekialdeko haizea ere ez zaio gaizki etortzen. Hegoko eta mendebaleko haizek berriz ez dira batere onak izaten. Hego haizea zakar dagoenean, sareak kendu behar izaten dituzte hauek ez puskatzeko. Haize honekin uso pasa dagoenean, usoek altuera handia hartzen dute eta usazaleentzat usoak jaistea zaila izaten da, are gehiago saretan sartzea.

      Usoaren Harrapaketa

      Usategi osoko edozein usazalek, bai trepan edo sareetan dagoena, uso bando bat ikusten badu, segituan oihu bat egiten du trapa nagusiko usazale nagusiari abisatzeko. Honek korneta jotzen du eta honela bertze usazale guztiak, eskopeta ehiztariak barne, usoak heldu direla ohartzen dira. Korneta behin jotzerakoan tiroak gelditzen dira eta sareen kargu dauden usazaleak beraien postuetan jartzen dira, sareak lurrera erortzen uzteko prest; orain trepen gaineko usazaleen ordua da.

      Trapatako usazaleek makilak botatzen dituzte. Usoarentzat makil hauek hegazti harrapari baten itxura hartzen dute usazaleek botatzen dituztenean, miruaren hain zuzenki. Usoek hau ikusterakoan, babesteko, jaitsiera gogor bat egiten dute arbolen adaburuetan altueran hegan eginez babesteko. Jaisterakoan, usazaleak beraien  txatarrak astintzen dituzte soinua eragiteko, usoek sareen norabidea har dezaten. Behin usoak sareen norabidea hartzen dutenean, bertan dauden usazaleen txanda da.

       

      Hauek sareak botatzeko garaian, lehenago edo beranduago egiteko, kontutan eduki beharra duten gauza aunitzen artean zein tamainako bandoa den, edota ze haize mota dagoen. Usazaleak palankari eragiten dionean, sareak abiadura bizian jaisten dira bakoitzak bazterrean dituen berunezko pisu batzuk lagunduta. Segituan, usoak harrapatu badira edo ez, usazale nagusiak korneta bi aldiz joko du, sare inguruan dauden postutako ehiztariek tiro egiteko aukera dutela adierazteko. 

      Gainetik ikusita eta modu honetan kontatuta, badirudi sareekin ehizatzea erreza dela, baina ez da horrela. Ehizatzeko era honetan, egun askotan ez dira ehizatzeko kondiziorik hoberenak izaten; batzuetan usoak oso altu doaz, bertzetan berriz ez dute kasu zipitzik ere egiten jaurtitako paletei, edo haize hego zakarra dago edo lainoa, euria… Azkenean dnboraldian zehar usoak harrapatzeko saiakera ugari hutsean gelditzen dira. Honexegatik azpimarratu behar da ehiza mota honetan pazientziak eta esperientziak garrantzi handia dutela.

      Historia

      Usategiak noiz sortu ziren konfirmatzen duen agiri edo idatzirik ez da existitzen. Usategiei buruz agertzen den lehen aipamena 1378. urtekoa da eta Iruñeko Kontu Ganbaran dago. Honetaz aparte, 1487. urteko aipamen bat ageri da Etxalarko usategiei buruzkoa ere, Iruñeko apezpikutegiko auzi paperetan. Ehiza modalitate honi buruzko informazio agertzen den urteetatik, gaur egun arte, beti bertako jabeak, Gaztelua etxea eta Sarako herria izan dira. 

      Hauen aipamenak 300 urte baino zaharragoko idatzietan agertzen dira. 1812. urtetik aurrera Iguzkiagerrea etxea gehitu zitzaien Petrisantzena etxeari Elutsa sarearen eskubidea eta jabegoa erosi ondoren, horrek berarekin zekarren lur, tresneria eta abarrekin.

      Mendeetan zehar bere kokapen bereziak, (Etxalar eta Sarako herrien arteko mugan daude), hainbat tira bira sortu ditu, usazaleek bertan ehizatzeko, urtero baimena lortu beharra baitzeukaten. Beste alde, Frantzia eta Espainia elkar arteko gerran izan ezik, bertze gerrate guztietan, Karlistena, bi gerra mundialetan eta zibilean, sareekin ehizatzen jarraitu zen.

       

       

      Sarea

      XIX. mendeko usategiari buruzko lehen idatzietan agertzen den bezala, garai haietan lau sare bakarrik jartzen ziren. Hauen jabeak Etxalartarrak eta Sarako herria ziren. Sarako herriak Errege edo Frantses gobernua ordezkatzen zuen eta beraien sareak Kalamua eta Monua ziren. Etxalarkoen aldetik bi etxe bereizten ziren, batetik Iguzkiagerrea etxea Elutsa sarearen jabea zena eta bertzetik Gaztelukoak, Miarra sarearen jabeak. XIX. mende bukaeratik aitzinera, Sarako herriak, bere sareak errentan jarri zituen. 1869an bosgarren sarea jarri zen; Fortuna izenekoa. Eta beranduago, 1920aren inguruan Lakaina izenekoa. Lehen, sareak, usategieta bertan egiten ziren Frantziatik eta Donostiatik ekarritako hariarekin eta hauen iraupena 8 eta 10 urte bitarteko izaten zen, konponketak eginda. Gaur egungoak berriz 10 bat urte jasan dezakete eta konponduta, urte batzuk gehiago ere.

      Trepak

      XIX. mendeko trapen kokapena gaur egundokoarekin konparatuz, ordukoa, askoz ere zabalagoa zen nolabait erranda, trapen artean osatzen zuten inbutu naturala, gaur egunekoa baino handiago zen (2 km-ko zabalera) 11 trapa edo ehiza lekuz osatua zegoen eta. Hauetako hiru, Abat-arri, Domikua eta Arrikua, 1971. urtean kendu zituzten, hauen atze-aldean den Gaztainlepoa, ehiztariez bete zenean. Orain leku honetan iparraldeko ehiztariak jartzen dira. Segidan garai haietan usazaleak erabiltzen zituzten trapa eta ehiza-lekuak:

      • Abat-arri: Turuta eta txatarraz lan egiten zen
      • Domikua: Txatarraz
      • Arrikua: Txatarraz
      • Larrekua: Korneta eta txatarrez
      • Idoikua: Txatarra eta makilaz
      • Belata: Txatarra eta makilaz
      • Trapa: Korneta eta makilaz
      • Trapagibela: Makilaz
      • Haritzeko trapa:
      • Gibel trapa: Makilaz

      Trapa eta ehiza lekuen kokapena lehen. Denetara garai haietan 13 usazale egiten zuten lan; 4 pertsona sareetan, 3 trepetan goituak eta bertze 6ak ehiza lekuetan bananduak.

      Ehiza kontuak

      Ez usoak bakarrik

      Lehen usoez aparte, sareekin tortoilak eta oilagorrak ehizatzen ziren. Azken hauek eguna argitzerakoan eta ilunabarretan harrapatzen ziren. Harrapaketak ez ziren handiak izaten; 1873. urtean 20 bat harrapatu zituzten. Tortoilak berriz kopuru handiagoetan harrapatzen ziren eta sasoi batzuetan usoak baino gehiago harrapatu izan ziren. Tortoila harrapaketaren errekorra, 1897. urtean dago 337 dozenekin. Hegazti hau ehizatzeko sasoia Ama Birjina egunean, abuztuak 15, hasten zen eta San Migel egunean, Irailak 29, bukatu. Erabiltzen ziren sareen laukitxoak, usoetan ibiltzen ziren sareenak baino txikiagoak ziren. 1925. urtetik aitzinera sareekin tortoilak harrapatzeaz utzi zen.

      Denboraldia

      Usoak ehizatzeko sasoia berriz, XIX. mendeko lehen urtetan San Migel egunean hasten zen, tortoila sasoia bukatzean, eta bukatu berriz San Martinetan, azaroak 11. Orduko harrapaketak gaur egungoak baino askoz ere ugariagoak izaten ziren nahiz azken bi mendetan gora behera franko eman. Harrapaketei dagokionez, bertako histori guztian urterik hoberenak 1933 eta 1955 bitartekoak izan ziren. Tarte honetako urte askotan mila dozenatik goitiko sasoi ugari izan ziren; 1400, 1500, 1600 dozenetako denboraldiak. 1950. urteko arratsalde batean 200 dozena harrapatu ziren. Garai oparo horien ondotik, harrapaketa kopurua eta ehiza, urritzen eta txikitzen joan da. Gaur egun 100 dozenetako sasoia oso ontzat hartzen da eta baita gutxiagokoa ere.

      Usazaleen soldata

      Soldatari dagokionez ez zuten gaur egun bezala ordainsari ttiki bat. Lehen, harrapatzen zena edo hau saldutakoan bildutako dirua, banatzen zen. Banaketa egiterako garaian, araudi bat izaten zen, beti ere usazale bakoitzaren lanaren eta esperientziaren arabera. Urteak aurrera joan ahala, banaketa gero eta parekatuagoak egiten ziren. 1970 aitzinera usazale guztiak soldata berdina eduki dute. Garai haietan, XIX mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran, liskarrak eta enfrentamenduak ugariak izaten ziren usazale eta ehiztarien artean. Honen soluzio gisa, 1906. Urtean, bertako jabeek eta usazaleek, arautegi bat sortu zuten bertako funtzionamendu eta giroa erregulatu eta hobetzeko.

      Salmentak

      Usategiaren historian zehar uso gehien erosi duen jendea Lapurtarrak izan dira, eta batez ere Sarako herritarrak. 1873an, 241 dozenatik, 182 Saran saldu ziren. Hemeretzigarren mendean, Donostiako Real Sport Club-ek, Etxalarko sarean harrapatutako tortoila eta txolomak eramaten zituen, jaurtitzaileentzako entretenigarri. Inguruko hiriburuetara ere asko saltzen zen.

      Beti ere bizirik edo hilak zeuden desberdintzen zen. Gaur egun erostunak berdintsuak izaten jarraitzen dute; lapurtarrak, jatetxe famatuak, erreklamo ehiza motarako, eta abar. Hauen prezioak bizitzaren eboluzioarekin batera, igotzen joan dira.

      Hauek izan dira historia zehar izan dituzten prezio batzuk; 1852an uso pare batek (hilak) 14 erreal vellon, 1920an uso bizi batek 7 pzta balio zituen, 1978an berriz uso bizi batek 1500 pzta balio zituen eta hildako batek 275 pzta, 1984an biziak 3300 pzta eta hilak 800, eta horrela gaur eguneko prezio arte.

      Errentak

      Liskarrak sortzen zituen bertze gai bat, Sarako herriari ordaindu beharreko errenta izaten zen, nahiz eta orokorrean harremanak giro onekok izaten ziren. Sareaz aparteko tresneria, trapak, eta lanbidea, Sarako lurraldean egiten zenez (eta egiten da), urtero errenta ordaindu behar zen.

      Ordainketa bi herrien arteko mugan gelditzen den Nabarlasa mendian egiten zen, bai dirutan edo usotan. Hauetaz aparte bi sareen errentak, Monua eta Fortunarenak, ordaindu behar izaten ziren, Saratarrenak baitziren. Hauek kasu gehientsuenetan diruz ordaintzen ziren; 1863an 54 franko ordaindu ziren. Urtetik urtera igoerak izaten ziren eta ez nolanahikoak. 

      Hauek Etxalarko jendea haserrarazten zuen, eta eztabaidak sortu ere. Historian zehar, lan akordio (1826an) eta hitzarmen ugari sinatu ziren usategien funtzionamendurako. Salmenta kontuek ere, Sara eta Etxalarkoen artean liskarrak sortzen zituen. Momentu batetan, Etxalarko usategiak eskopetako ehiza-toki bat bihurtzekotan egon ziren ere.

      Zorionez ez zen horrelakorik gertatu eta gaur egun 1984n sinatutako hitzarmena indarrean jarraitzen du. Errenta berriz gaur egun, harrapatzen denaren arabera ordaintzen da eta ez dira sortzen aitzinako eztabaidak.

      Gainera gaur egun  Sara eta Etxalarko herrien arteko urteko hitzarmena sinatzearen ekitaldia Lizaietako gainean ospatzen den besta Usategietako Tradizioaren bestaren barnean egiten da. Ospakizun hau Irailean izaten da uso denboraldia hasi aitzinetik.

      Herria

      Urteak aitzinera joan ahala Etxalarko herriak usategietan gero eta garrantzi handiago hartzen joan zen; urte batzuetan Sarako herriari ordaindu beharreko errenta ordaintzen lagundu zuen.

      Aurreko urteetan, herria eta usategien artean harreman kaxkarrak izaten zen, ehiza-toki hau pribatua baitzen. Hala ere bertan Guardia zibila edo ehiztariekin sortzen ziren istiluetan, udalak beti usazalearen alde jotzen zuen.

      Azkenean, usategietako elkarteko kideek, sortzen ziren eztabaidak eta liskarrak ikusita, udalera jo zuten laguntza eskatzera. Ordutik gaur arte, udala izan da usategietako eskopeta ehizako postuen arduraduna.

      Eskopetak

      Usategien histori guztian zehar eskopetako eta sareetako ehiza, nahiz ehiza mota oso desberdinak izan, betidanik elkar bizi egin dira. Usategietako historian, eskopeta ehizari buruz bi bereizketa egiten ahal dira. Batetik 1932 aitzineko garaia eta bertze aldetik 1932 ondokoa.

      Lehen garaian, bertan eskopetarekin ehizatzeko, Gazteluren baimena eduki behar zen. Beti bezala, istiluak sortzen ziren ehiztari eta sareen jabeen artean. Nahiz eta funtzionamendu legedi bat izan, ehiztari batzuentzat hau ez zen existitzen.

      Bigarrengo garaian berriz gauzak hobekiago joan ziren. Udalak ordu ezkero Lizarrieta eta Gaztain lepo bitartean dauden postuen ardura dauka eta zozketa sistemaren ordez enkantearena ezarri zuen. Gaur egun dena berdin doa eta urtero bezala Iarmedira hurbiltzen den ehiztari kopurua nabarmena izaten da.

      Ospakizunak

      Usategietako igandea

      Urriaren hirugarren igandean, “Usategietako igandea” bezala ezagutzen den Herriko ospakizun zaharrenetako da. Aitzinean besta hau usategi ingurutan ospatzen zen. Gaur egun eta badira urte mordoa, besta hau herrian ospatzen da.

      Ezkerreko irudian usategietako bisita gidatu bateko taldea.

       

      Usategietako tradizioen besta

      Ospakizun hau nahiko berria da. Lehen edizio 2013an izan zen eta ordu ezkero urtero ospatzen da Lizaietako gainean, usategietako denboraldia hasi aitzineko azken aurreko igandean. Ospakizun hau Sara eta Etxalarko herrien arteko usategien hitzarmenaren sinaduraren inguruan sortutako da.

      Egun honekin, egun guziko egitaraua antolatzen da. Goiz partea izaten da ekitaldi aldetik ugariagoa. Lehen ordutik hasita era desberdinetako ekitaldiak daude bisitarientzat; Artisauen erakusketa eta salmenta, Usategien erakusketa, paleta egite erakusketa, tresna zaharren erakusketa eta haurrentzako aisialdia.

      Goiza aitzinera egin ahala, bota-luze partida baten erakustaldia izaten da Etxalarko eta Sarako herritarren artean eta ondotik euskal Pirineotan dauden usazaleen arteko makila jaurtitze txapelketa ospatzen espresuki honetarako prestatutako trepa batetik.

      Eguerdi partean, astean zehar sinatutako Etxalar eta Sarako herrien arteko hitzarmenaren berrestea egiten da jendearen aitzinean. Ondotik, herri bazkaria aitzinetik, ekitaldi kulturalaren bat antolatzen da .

      Besta eder honi, bazkari eder eta ondoko animazioarekin (Dantzak, kantariak, musika…) bukaera ematen zaio.

      Ekitaldi honen antolaketa, Etxalar eta Sarako usazaleek egiten dute herri bakoitzaren udala eta ostatuen laguntzarekin batera.

       

       

      Usazaleen besta

      Duela urte batzuk, ehiza mota tradizionalean ehizatzen duten herrietako usazaleen arteko adiskidetze bazkaria ospatzen da sasoia bukatzen denean.

      Urtero herri desberdinean egiten da. Bazkari honetara 10 herri desberdinetako usazaleak biltzen dira; Aldude, Gatagorena, Lantabat, Lanne, Lekunberri, Olobi, Oskitx, Napal, Sara eta Etxalar. Izen hauek, usategiak dauden herrien izenak dira eta Lanne ezik, bertze guztiak ipar euskal herrian kokatuta daude. Etxalarkoa berriz hegoaldeko usategi bakarra da.

      Urtero uso gehien eta gutxien harrapatu duten usategiei, sariak ematen zaizkie.

       

       

      Bisita gidatuak

      Usategiak:
      Sarezko uso harrapaketa tradizionala ezagutzeko ibilaldia. Urria eta azaroko asteburu eta besta egunetan

      Informazio gehiago hemen

      Tel. 690 26 77 56
      (Ezinbestekoa da aurretik telefonoz geratzea)