Bizilagunak

Pello Apezetxea Zubiri

Gaur egun ezagutzen dugun Etxalar ez zen gauza berdina izanen gure herrira Pello agertu ez balitz. Berak azken mende erdian herriaren alde egindako gauza guztiak, herri mailan izan den pertsona garrantzitsuena bihurtu zuten. Herriak estimu handian zuen Pello, jendearen apeza zen.

Goizueta herrian jaio zen 1932ko ekainaren 24an.

Pilotaria gaztetan (Olaizola pilotari ohien osaba zen), 11 urte seminarioan egin ondoren Etxarri Aranaz herrian hamar urtez apaiz izan zen (1955tik 1965era). Bertan apaiz laguntzaile eta organista lanak burutzeaz aparte, herri honetako abesbatzaren sortzaile eta arduraduna izan zen.

Urte hauen ondotik Etxalarrera joan zen eta hemen apaiza izan zen 2022ko martxoaren 17an hil zen arte. 89 urte zituen.

Apaiza izatez aparte, bere lider izaerak, ekimen eta proiektu guztiz desberdinetan bultzatzaile eta burua izatera eraman zuten bere bizitzan zehar.

Kulturaren arlo desberdinekin, baina batez ere Euskararekin, erlazio estua eduki zuen bere bizitzan zehar. Etnografoa, etnologoa, idazlea eta euskaltzaindiaren ohorezko kide izan zen bertzeen gauzen artean.

Herri mailan txistu irakaslea izan zen (1972tik aitzinera urte mordoz). Altxata K.K.E sortzaileetako bat izan zen, beti uskara eta euskal kultura bultzatzeko asmoz. Gau eskolak ere ematen aritu zen Lesakan eta Etxalarren, alfabetatze irakaslea izan zen zehazki. “Ikastola”-ren (3-5 urteko neska mutikoak ) sorreran ere parte hartu zuen Bide Ona ekimenaren barnean eta euskara klaseak ere ematen zituen eskola ondotik.

Kulturatik kanpo, herriko biztanle baina batez ere baserritarrei, eguneroko bizitza erraztu eta hobetzeko zenbait ekimenetan parte hartu zuen, bertzeen artean herrian argia zabaltzen, baserrietara argi indarra eramaten, bertarainoko bideak moldatzen eta mota desberdinetako tramiteak egiten lagundu.

Gaur egun martxan dagoen Usoa Koperatiban sorkuntzan ere parte hartu zuen. Honekin herria elkartzea lortu zen bertze gauzen artean. Larraburua sortzeko (1988) lanean ere egon zen, ondotik Larraburua Jubilatu elkartea sortuz.

Erretoreneako zentroan mezak ematen ziren denboran, herriko lehen telebista bertan jarri zen eta bertara herritarrak hurbiltzen ziren telebista saioak ikustera. Honetan ere bere izan zen bultzatzaile.

Ttipi Ttapa aldizkariarekin harreman estua izan zuen. Lehenik, sortzailetako bat izan zen. Urte batzuz ere bertan Etxalarko berriak idazten zituen (1990-2002) eta azkenik Ttipi Ttapa fundazioaren lehendakaria (1997tik) izan zen urte batzuz. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Etxalarkoa Euskara Mankomunitatearen sustatzailea izan zen ere.

Pello Apezetxearen argitalpenak

Bere bizian zehar Pellok hamaika idatzi, argitalpen eta liburu argitaratu zituen.

Etxalarko etxeen izenak

Etxalarren bere historian zehar izan diren eta gaur egun diren etxeen zerrenda bilduta dago. Honetan denboran podorez, etxeen izenak jasan duten aldaketak biltzen dira, hauen ebakera, kokalekua eta etimologia azalpenak ere.

Etxalarren historiako zenbat jakingarri

Liburu honetan Etxalarko historia laburbildu dago garai desberdinetan zatitua eta garai bakoitza gai desberdinetan sailkatuta dago. Liburu oso interesgarria Etxalarko historiaz hornitzeko.

Etxalarko kronika

Kaputxinoa izandako Teodoro Arburuak idatzitako kronika eta kontakizun zaharrez osatutako liburu interesgarria.  Liburuak Pello Apezetxeak egindako azalpenez hornitua dago ere

Bi erreka arteko Andre Maria eliza

Etxalarko Andra Mari elizaren inguruko lan txukuna. Liburu honetan elizaren informazio guztia dago; eraikinaren historia eta eboluzioa, barneko apaingarri, erretaula, organo eta bertzelakoen azalpena eta kanpoaldeko lorategiko hilarri, eguzki erloju eta bertzelakoena ere. Santa Krutz ermitaren informazio ere badakar.

Joandakoaren oroigarriak

Etxalarko hilarriak Lan eder honetan Etxalarko elizako atarietan erakusgai dauden hilarriak bilduta daude. Lan honen hasieran herrian dauden aitzinako aztarnen azalpenekin hasten da. Ondotik elizako lorategietako hilarrien azalpena eskaintzen da.

Libururen bat erosteko bete ondoko formularioa eta eskaera egin

Pello Apezetxea kultur-etxea

Helbidea

Jauregieta, 5
31760 ETXALAR (Nafarroa)

Telefonoa

Harremanetan jarri

ETXALARKO UDALA, tratamenduaren arduradun gisa, zure datuak zure enpresaren webgunean dauden harremanetarako formularioen bidez lortutako datu pertsonalen tratamendua jasotzeko jakinarazten dizu. eskatzailearekin eta galderei erantzutea. Tratamenduaren oinarri juridikoa interesdunaren baimena da. Zure datuak ez dira hirugarrenei transferituko legezko betebeharrak izan ezik. Edozein pertsona eskubidea du tratamendua sarbidea, zuzenketa, ezabatzea, mugatzea, oposizioa edo eskubidea bere datu pertsonalak eramatea, gure Etxalarko udalaren helbidera mezu elektroniko bat bidaliz baliatu nahi duzun eskubidea. Informazio osagarria lor dezakezu datuen babesa atalean.

Teodoro Arburua Irisarri

Idazterakoan, Arburu’tar Todor izena erabiltzen zuen berak, gehienetan. 1876ko Azaroaren 8an jaio zen Etxalarren, Iñarreta auzoko Etxeberria etxean (Etxeberriko apeza deitzen zioten) . Iruñeko Apeztegian ikasketak burutu, eta 1900.ean apeztu zen. Etxalarren bertan eman zituen bere bizitzako urte gehienak, erretorearen apez lagunkide.

1917tik 1920ra erretore ardura bere gain izan eta, berriz ere lagunkide jarraitu zuen, Etxalarko egonaldi luzea Estatu espainoleko gerra zibilak moztu zuen arte, 1936ko abuztuan Etxalartik kanporatua izan baitzen, arrazoi politikorengatik, bertze hainbat bezala. 1941eko martxoan Etxalarren ageri da berriz ere, parrokiako apez lagunkide, gerra aitzineko urteetan bezala. Hemen hil zen 1942ko otsailaren 11n, 66 urte zituela.

Teodoro Arburuaz zerbait nabarmendu behar eta, euskaltzale sutsua izan zela erranen nuke, euskararen eta euskal kulturaren kontzientziadun eta horren arabera jokatu zuena, euskaraz bizi eta ukitzen zuen guztiari euskal hatsa ematen ziona. Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen.

Aita Eusebi Etxelarkoa

Euskaraz idazterakoan erabili zuen lehenbizikoa: Eusebi Etxelarkoa. Gaztelaniazko idazkietan, berriz, Fr. Eusebio de Echalar-Etxalar. Etxalarren 1874ko abenduaren 16an jaioa, bere jatorriko izen-deiturak Eusebio Eltzaurdia Zubieta dira. Fraide kaputxino egin, eta 1898an Lekarozen apeztua izan zen. Bertan jarraitu zuen, irakasle eta predikari, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Madrilen El Pardoko komentuan arduradun izendatu zuten, XX. Mendearen hasieran.

Kaputxinoen Probintzien muga aldaketak zirela eta, Nafarroako Probintziari atxikia gelditu, eta Lekarozera etorri zen. 1909az geroztik 1956an hil arteko urteak hemen egin zituen. 82 urte bizi izan bazen ere, gazte-gaztetandik hagitz osasun eskasekoa izanzen. Hain eskasekoa, eskola emateko ere ez baitzen gauza izan urte gehienetan.

Ikasteko bai, ordea, trebea eta ikasizalea izan zen, ezagutu zutenek diotenez. Teologia eta Historiaz gain, ekialdeko hizkuntzak ikasteari gogotsu ekin zion, hebraierari batez ere, Bibliako Itun Zaharreko hizkuntza zelako edo. Euskaltzaindiaren sorreran parte hartu zuen.

Etxalarko Iñigo

Etxalarren jaiotako militar nafarra. Armategia zen Gaztelua jauregian jaio zen. Etxarreneko batailan egon zen 820. urtean.

Etxalarko Andres

Etxalarko nafar jauna. Najera-ko D.Garziaren erregealdian bertako jauna bezala zegoen. Atapuerkako batailan hil zen 1054. urtean.

Pilotariak

Garai batean pilota jokoetan zaldunak nahiz plebeioak jokatzen zuten. Orduko jokoak antza gutxi zeukan gaur egun jokatzen denarekin. Hasieran frontisen kontra baino, luzera jokatzen zen gehiago. Aurrerago frontis kontra jokatzen hasi zenean. elizako horma eta atariak izaten ziren lekurik gustukoenak pilotaleku bezala erabiltzeko. Horren lekuko Etxalarko elizaren “eliz-xoko” izeneko paretan dagoen debekaldia. Idatzi honek erraten du pilotan jokatzen duenari 2 pezetako isuna jarriko zaiola.

Marcelino Vergara (Vergara I) ‘Etxalarko mutila’

Marcelino Vergara Larralde (Vergara I), Etxalarko mutila bezala ezaguna pilota munduan (Goiti-zinea Aitona bezala ezaguna zen pilotaren kronistak jarri zion), 1943ko maiatzaren 16an jaio zen Etxalarko Anduetzeta auzoko Etxebertzea etxean eta Donostian hil zen 2010ko urriaren 10ean 67 urte zituela. Pilota munduan ibilbide luzea izan zuen, denetara 19 urte egin zituen profesional moduan. Arabako hiriburuko frontoian egin zuen debuta, 1962ko azaroaren 3an (Etxaberekin batera jokatu zuen eta 22-12 irabazi zieten Arkaia eta Del Vali-i) eta azkeneko partida Tolosako Beotibar frontoian jokatu zuen 1981 maiatzaren 16an, 38 urte zituela. Azkan partida hau ere Etxalartarraren alde atera zen. Pilotari (aurrelaria) dotorea, ukitu berezikoa eta erremate onekoa zen. Agian kolpe pixka bat izan zitzaion aurrerago ailegatzeko.

Afizionatu mailan Marcelino Vergara goiz nabarmentzen hasi zen. Espainiako txapelduna izan zen eta munduko txapelduna Iruñako mundialean. Arrakasta honen ondorioz, profesional mailara pasa zen Eskulari enpresaren eskutik. Honek, gertaera gogoangarri batzuk eragin zituen, Marcelino izan baizen txapela jarri zuen lehen nafarra, 2. mailako txapelketako irabazle atera baitzen 1965. urtean, 22-17 Anduezari irabazi ondoren. Aldi beren lehen mailako buruz buruko txapelketan aritu zen lehen pilotari nafarra izan zen ere. Lehen mailako txapelketan 9 aldiz aurkeztu zen, eta final-aurretara ailegatzea izan zen bere lorpenik handiena. Hiru urte segidan ailegatzea lortu zuen 1971, 1972, 1973. Garai haietan bere aurkaririk handienak Lajos, Ignacio Retegi eta Tapia I izan ziren. Esku pilotako bertze pilotari handien kontra ere jokatu zen: Ogueta, Barberito I, Arriaran III, los Ariño, Echave X, Azkarate, Atano X, Tapia II eta garai hartako mito guztien aurka.

Hala ere Ignacio Retegi ez zuen berarekin topo egin «enpresa desberdinetan baikinen», baina bere ezaugarrien erreferentziak zituen. «Ezagutu dudan pilotaririk konpletona da». Jose Mari Palacios Ogueta berak ere bere lagunean artean errandakoak «Marcelino izan da nire ahulguneak hobekien bilatzen jakin izan duen aurkaria». Arabako pilotariarekin izandako dueluak oso ikusgarriak izan ziren.

Salvador Vergara (Vergara II) ‘Vergarilla’

Vergara Larralde, Vergara II izenekoa, 1952ko maiatzaren 19an jaio zen Etxalarko Anduetzeta auzoko Etxebertzea etxean. Salvador Vergarak 1973an egin zuen debuta profesionaletan, eta 1992an Asegarcek fitxatu zuen. 1993ko abuztura arte jokatu zuen han, belauneko lesio baten ondorioz kantxak utzi behar izan zituen arte. 14 urterekin “Bidasoako Txapelketan” parte hartu zuen bera baino nagusiagoak ziren pilotarien artean paper ona eginez.

Txapelketaz txapelketa, atentzioa eman zuen Nafarroako Federazioaren pabilioia defendatzeko hautatua izan zen arte, Estatuko gazteen txapelketetan, baita txapelketa gorenean ere. Gazte garaian Choperena III.arekin osatu zuen bikotea eta Aguirre, Gorostiza, Salvidea eta beste hainbat pilotariren aurka lehiatu zen. Federazioen Txapelketan tandema osatu zuen Martinez de Irujorekin, modako bikotea bihurtuz. Vergara II.ak urte batzuetan Errazkingo estilista eta atzelari bikainarekin, Martinikorenarekin, osatu zuen bikotea. Berarekin Oreja III – Galarza III eta Alustiza-Tolosa mailako bikoteen aurka lortu zituen tituluak.

Buruz burukoan Elias Pierola eta Garcia Ariño IV eta Bengoetxea III bezalako bi jokalari handi garaitu zituen. 20 urte horietan hainbat titulu lortu zituen, horien artean, 1985ean, 1986an eta 1992an binakako hiru txapelketa eta 1981ean eta 1990ean bi azpitxapeldun. Bere ibilbide profesionaleko datu bitxi gisa, guztira jokatu zituen partidak azpimarratu behar dira: 2.180. Kopuru horrek urtean 109 partida jokatzea ematen du batez beste, eta datu hori errekorra izan liteke pilotaren historian.

1993an pilotari gisa jardun profesionala utzi zuenetik, Vergara I Asegarceko zuzendari teknikoa izan zen (bi etapatan izan da), eta pilotarien entrenamendu guztiak gainbegiratzeaz arduratu zen. Gainera, enpresako plantillan balio berriak sartzeari buruzko erabakietan parte hartu zuen.

Federico Arribillaga ‘Arribillaga I’

Etxalarren jaio zen, 1953ko irailaren 5an Etxalarko Iñarreta auzoko Joanaberria izeneko etxean. Palako modalitatean,  historiako jokalari onenetakoa izan zen, 2. hoberena Manolo Iturriren ondotik eta baita azkeneko palista klasikoa. Pertsona oso maitatua zen pala munduan eta “Palako kapitain handia” bezala ezaguna zen ere. Pilotari bezala bere kolpearen potentziagatik nabarmentzen zen. Aspalditik Getxon bizi zen. 56 urte zituela Bilbon hil egin zen.

Bere pilota ibilbidea Irungo Kurpil eskola hasi zuen eskuz baina segituan palazko modalitatera pasa zen. 1972. urtean gazteen mailako txapelduna izan zen eta Espainiako gazteen mailako txapelduna ere Zapirain lagun zuela. Urte berean profesional bezala debuta egin zuen Deportivon (Abuztua 11) Ibarnegaray lagun zuela, Zalacain eta Pumarejoren aurka. 45-38 irabazi zieten. 1974. urtean, Miguel Saralegui zena lagunduta, Muguiroko ezkerra bezala ezaguna, “torneo de Ases” txapelketa irabazi zuen. Bere ibilbide profesionala 1996. urte arte luzatu zen, konkretuki martxoaren 23a arte. Egun hartan Torrekin batera 40-33 irabazi zuen Urkia eta Oterori Deportivo frontoian. Denetara 24 urte eman zituen pilotari bezala. Urte guzti hauetan, Deportivon, Carmelo Baldan eta Euskal Jai frontoian, lehia ederrak eduki zituen Manolo Iturrirekin. Daniel eta Juan Pablo Logroñoko anaiak, bat atzelaria eta bestea aurrelaria, Fede handiaren aurkariak izan ziren ere. Aipatutakoez aparte bertze aurkari handiak izan zituen, hauexek aipagarrienak; Juan Pablo García, Insausti, Ipiña, Iturzaeta y Utge “pibea” frontoiko aurreko koadrotan eta atzekoetan berriz Claudio Beitia, Goldaracena eta Saralegui.

Bere garaipenik aipagarrienak bere anaiarekin (Arribillaga) batera irabazitako Espainiako txapelketa 1981. urtean, Euskadi txapelketa, Udaberriko irekia, Bilbo Hiria txapelketa eta Azpeitiako Hiria txapelketa izan ziren.

Daniel García ‘Daniel’ errioxarrak honako hitz hauekin definitu zuen Federico Arribillaga: «Pala modalitateko azkenetako izarra izan zen. Aurrelari indartsua, eskuin bikainarekin eta beti estilo klasikoa mantendu zuena»

Pertsona aparta zen, erlazio ederra eduki genuen. Frontoi garaietan ematen zituen aholkuak eta laguntzaz oroitzen ditut. Inoiz ez zuen keinu itsusirik izan. Pilotari bezala, bere eskuinaz aparte, bere kokapena, lehen urteetako sakea eta batez ere sake ondoko bigarren pilotaka nabarmenduko nuke. Liluragarria!

Agustin Arribillaga ‘Arribillaga II’

Arribillagatarren anai zaharrak, bere anaiarekin alderatuz , ez zuen kirol ibilbide hain oparoa eduki. Gutxienez urte batzuk, pala modalitatean profesionala izatera ailegatu zen. Etxalarko Iñarreta auzoko Joanabarrena etxean jaiotako hau ere, 1951ko uztailaren 13an hain zuzen ere, bere garaipenen artean, bere anaiarekin lortutako nabarmentzen da. 1981an, garai berrietako lehen Espainiako txapelketa irabaztea lortu zuen.